Antzinako kantu eta narrazioen lehiaketa deitu du Basotxok

Mirari Altube Arrese 2010ko urr. 11a, 13:46
Basotxo erretiratuen elkarteak antzinako kantuen eta narrazioen lehiaketa jarri du abian eta lanak aurkezteko epea azaroaren 17ra bitartean dago zabalik. Iaz egin zuten lehenengoz kantu lehiaketa eta 45 grabatu zituzten orduan. Aurten, narrazioetara zabaldu dute lehiaketa hori.

Ekimenak hainbat helburu ditu, hala nola Basotxoko bazkideei protagonista izateko aukera ematea; leku eta giza talde ezberdinetako kultura espresioak mahai gainean jartzea; nagusi guztiek dituztela intereseko altxorrak erakustea; eta altxor horiek jasota uztea.

Estiloa eta gaia, libreak

Basotxoko bazkide bakoitzak gura beste lan aurkez ditzake. Hori bai, gurasoengandik edo aitaita-amamengandik ikasitakoak izan beharko dute guztiek –aurreko belaunaldikoengandik jasoak–. Estiloak eta gaiak ez dute garrantzirik, ezta hizkuntzak ere, gurasoek erakutsitako modua errespetatuko da. Bai kantuak, bai narrazioak grabatu egingo dituzte antolatzaileek eta idatziz ere aurkeztu beharko dira lanok.

Adituak eta epaimahai herrikoia

Bi epaimahai osatuko dituzte: batetik, aditu taldea egongo da, bai musikan adituak, bai herri kulturgintzan; eta bestetik, lehiaketan parte hartutako guztiek osatuko duten epaimahai herrikoia. Adituek egindako txostena jasoko du epaimahai herrikoi horrek eta azken erabakia berea izango da. Hori bai, guztiek hartuko dituzte kontuan honakoak: lanaren antzinatasuna; ez izatea oso ezaguna edo galtzeko zorian egotea; herriko arazo, kezka eta antzeko kontuen berri ematea; eta orijinaltasuna eta estilo dotorea izatea.
Hona hemen irabazleek jasoko dituzten sariak –sei parte-hartzaile baino gutxiago aurkeztuz gero erdia jasoko dute–: lehenengo saria, 200 euro; bigarrena, 100 euro; eta hirugarrena, 50 euro. Parte-hartzaile guztiek, gainera, diploma jasoko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak