Antzezlana eta filma Korrikaren etorrera girotzeko

Mirari Altube Arrese 2009ko mar. 19a, 14:42
Eguaztenean hasiko du ibilbidea 16. Korrikaren lekukoak Tuteran eta gurera ailegatu bitartean –apirilaren 5ean– hainbat ekitaldi izango dira Korrika Batzordeak antolatuta: 'Dir Dir' antzezlana Kukubiltxorekin eta 'Bidaia intimoa' filma.

Zapatuan, hilak 21, Dir Dir txotxongilo emanaldia egingo du Kukubiltxo taldeak Arkupeko Zaraia aretoan (17:00). Euskararen laguna den Argitxo iratxoaren kriseilutik jaiotako argi txinparta da Dir Dir. Iluntasuna isiltasunarekin, komunikazio ezarekin, eta argia berbekin, hizkuntza aniztasunarekin, parekatzen ditu Kukubiltxok antzezlanean. Ikuskizuna 3 euro da.


Eguaztenean, hilaren 25ean, ostera, Bidaia intimoa ikus-entzunezkoa emango dute Zaraia aretoan (10:00 eta 19:30). Jon Maia bertsolari zumaiarrak Korrikarendako egindako dokumentala da eta lau bidaia intimo aurkeztuko ditu. Hala, lau protagonista ditu filmak: euskaraz bizi diren bi kanpotar eta hizkuntza berreskuratu duten bi euskaldun. Gogoratu 16. Korrikaren leloa dela Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira eta euskaldun berriek egindako ahalegina omendu gura dutela.


Horiekin batera beste ekitaldi batzuk ere izango dira Korrika gogoan: apirilaren 1ean, eguaztena, Leizarra musika eskolako ikasleek kontzertua eskainiko dute eta apirilaren 3an, egubakoitza, Korrika Txikia egingo dute arratsaldean eta izarrak ikusteko aukera izango da gauean, Ilatargi Astronomia Taldeko kideekin.

Kilometroak salgai

Bestalde Korrika Batzordeak gogorarazi gura du kilometroak salgai dauzkatela Arrasateko AEKn (943 77 03 69). Kilometro bakoitzak 380 euro balio du baina taldeka ere eros daitezke: "Kilometroak erdi bana, koadrilaka, familiaka… eros daitezke, hortaz, animatu guztiok!", diote Korrika Batzordeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak