Martxo inguruan hasi zen Jai Batzordea Andramaixak gertatzen eta dagoeneko gertu dauka egitaraua. Jaietako aurrekontuak murrizketa handia izan du eta urteroko ekitaldi batzuk kendu egin behar izan dituzte, tartean suzko erruberen ikuskizuna. Hala ere, jai giroa ez da faltako amabirjinaren izenean abuztuan egiten diren jaietan.
Kartel lehiaketa
Andramaixak iragartzeko kartel lehiaketa deitu du egunotan Kultura Sailak. Edozeinek parte har dezake eta teknika librea izango da. Baldintza bakarra dago, honako esaldia agertzea: Andramaixak 2010 Abuztuaren 14a, 15a, 16a eta 17a Aretxabaleta.
Kartelaren neurria izan behar da 50x70 zentimetro edo disketean ekarriz gero dina-3. Egilearen datuak dituen kartazal itxia aurkeztu behar da lanarekin batera Arkupe kultura etxean edo udaletxean uztailaren 2a baino lehen. Epaimahaiaren erabakia uztailaren 6an jakinaraziko dute eta saridunak 300 euro jasoko ditu. Antolatzaileek hala erabakiz gero erakusketa egingo dute lan guztiekin.
Esaldi lehiaketa
Bestalde, Prebentzio Zerbitzuak jaiak girotuko dituen esaldi lehiaketa deitu du. Ekainaren 30a bitartean aurkeztu behar dira Arkupen edo udaletxean egileen datuekin batera.
Lehiaketan 12 urtetik gorako aretxabaletarrek parte har dezakete; taldeka edo bakarka. Gura beste esaldi aurkez daitezke baina ez dituzte onartuko neurriz kanpoko kontsumoa bultzatzen dutenak, ezta jarrera sexistak bultzatzen dituztenak ere.
Sariei dagokienez, egitarauan erabiliko dutena asmatutakoari 120 euro emango dizkiote eta pegatinak egiteko erabiliko diren esaldiak egindakoei 60 euro. Irabazleen berri uztailaren 6an emango du epaimahaiak.