Andramaixetako asteburuko egitarauak ez du atsedenerako astirik utziko

Txomin Madina Milikua 2008ko abu. 15a, 18:51
Andramari eguneko goizak seriotasuna ekarri du: elizbirak, alkate soinuak eta meza nagusiak hartu ditu lehen orduak. Gaur gaueko Barricadaren kontzertuak, asteburu luzeari emango dio hasiera.

Goizeko 10:00etan txistularien dianarekin eman diote hasiera gaurkoari, eta dotore dotore jantzita, asko izan dira kalera irten diren atxabaltarrak. Gaur gainera, ikuskizun berezia egon da 12:00etako meza nagusiaren aurretik. Izan ere, eta hainbat hamarkadatan ohitura galduta egon ostean, Andre Mariaren irudiaren atzetik eta herriko musika bandak lagunduta elizbira egin dute parrokia inguruan.

Urteroko ohitura dena, alkate soinua da, eta halaxe sartu dira udalbatzako ordezkariak eguerdiko 12:00etan puntu puntuan hasi den meza nagusira. Jon Molina apaiz atxabaltarrak gidatu du meza.

Gauean, Barricada 

Gaur, ostirala, 23:00etan su artifizialen txanda izango da, baina zalantzarik gabe, aurten ikusmin handiena sortu duena, 23:30etik aurrera Barricada talde iruñearrak txosna gunean emango duen kontzertua da. Herriko bertako eta kanpoko milaka ikusle espero dira kontzertuan, eta ez da harritzekoa, izan ere, El Drogas eta bere mutilak, azken 26 urteotan atera dituzten 18 diskoei esker, jarraitzaile sutsu asko dituen talde mitikoa bihurtu dira. Kontutan hartu behar da gainera, kontzertua doan dela. Eta gaurko egunari amaiera emateko, txosna gunean bertan egun guztian zehar egingo duten hondartza egun berezian hondartzako jantzi onena duenari saria emango diote.

Andramari bigarrena: txirrindulariak eta ikuskizunak

Bihar, zapatua, Andramari bigarrenean, Leintz Bailarako Txirrindulari Lasterketarekin hasiko da eguna. Pasa den urtean egin ala ez zalantzan egon ostean aurtengoa dagoeneko 71. edizioa izango da 10:00etan emango zaio hasiera lasterketari.

12:30ean, Zirika Zirkus taldearen ikuskizunaz gozatu ahalko da Durana kalean, eta 14:00etan, txosna gunean herri bazkaria egingo dute, norberak jana etxetik eramango duela. Bazkalostean, bi ikuskizun aipgarri: 17:00etan, Kurtzebarri eskolako kantxan, zaldien dantza ikuskizuna , eta 19:30ean Txinako SanXia akrobazia konpainiaren ikuskizuna.

Rock kontzertua egongo da 22:00etan txosna gunean bertan. Hainbat taldek joko dute bertan, Cool Rebelds, Los Rechazados, Agresive Combat, Scam eta The Crackersek. 22:30ean, galdu ezinezko hitzordua pilotazaleentzat Iturrigorri frontoian: lehenengo norgehiagokan, Saralegi eta Oteiza, Belloso eta Rairen aurka; bigarrenean, Arretxe II.a eta Zearra, Retegi eta Belokiren kontra

Domeka: kuadrilen eguna

Durana kalean, hamaiketakoaren ostean, sokamuturraren txanda izango da 11:00etatik aurrera eta gero, 14:30ean, ehundaka atxabaltar biltzen dituen herri bazkaria egingo dute, aurten Iturrigorri frontoian. Paella udalak jarriko du, eta edariak eta postrea herritarren kontura izango da. Bazkalostean gainera, digestioa egiten laguntzeko, koadrilen arteko jolasak egongo dira gazte eta helduendako.

18:00etan sokamuturra egongo da berriz, eta 20:30ean, Imperi Azteca mariatxi taldeak alaituko ditu kaleak. Txosna gunean izango dira jaietako azken hitzorduak: 00:00etatik aurrera, Txanogorritxu eta Otsoa, 03:00etan ordu alaia, eta astelehen goizeko zazpietan, aurtengo Andramaixei agur esango dien mozkorraren jaitsiera egingo dute.

 

Egitarau osoa

Abuztuaren 14a, eguena –Andramari bezpera–

- 16:00etan, kanpai jotzea.

- 16:30ean, 29. mus txapelketa eta ping-pong txapelketa 12 eta 16 urte artekoendako.

- 16:30ean, umeendako parkea Kurtzebarri eskolako kantxan.

- 18:30ean, txupinazoa eta mozkorraren igoera txosna gunean; ostean pintxoak.

- 19:00etan, ikurrinari agurra eta txupinazoa.

- Ostean, buruhandiak Igerotxoko gaitariekin batera.

- 19:30ean, meza.

- 19:30ean, bertso-triki kalejira, txosna gunean.

- 23:00etan, dantzaldia Alaiki taldearekin.

Abuztuaren 15a, egubakoitza

- 17:30ean, umeendako parkea Kurtzebarri eskolako kantxan.

- 18:00etan, futbolin txapelketa 12 eta 16 urte artekoendako.

- 19:00etan, ur jolasak txosna gunean.

- 19:00etan, Katu Baru perkusioa eta dantza kaleetan.

- 23:00etan, suzko erruberak Arabako Velecea pirotekniaren eskutik.

- 23:30ean, Barricada taldearen kontzertua, txosna gunean.

- 02:00etan, hondartzarako jantzi onenari saria, txosna gunean.

Abuztuaren 16a, zapatua –Andramari bigarrena-

- 10:00etan, Leintz bailarako 71. txirrindulari lasterketa.

- 12:30ean, Zirika Zirkus taldearen ikuskizuna, Durana kalean.

- 14:30ean, herri bazkaria norberak etxetik ekarrita, txosna gunean.

- 17:00etan, zaldien dantza ikuskizuna, Kurtzebarri eskolako kantxan.

- 19:30ean, Txinako SanXia akrobazia konpainiaren ikuskizuna, txosna gunean.

- 22:00etan, rock kontzertua, txosna gunean. Ostean, galtzontzilo, kulero eta tanga lasterketa.

- 22:30ean, profesionalen pilota partiduak:

1. partidua: Saralegi-Oteiza

                  Belloso-Rai

2. partidua: Arretxe II.a-Zearra

                  Retegi Bi-Beloki

- 00:00etan, dantzaldia Arantza eta Pantxorekin.

- 06:00etan, Kaleka txapelketa, Iturrigorri frontoian.

Abuztuaren 17a, domeka –Koadrila eguna–

- 11:00etan, diana herriko txistulariekin.

- 11:00etan, hamaiketakoa, Durana kalean.

- 11:30ean, sokamuturra, Durana kalean.

- 12:30ean, Potxin eta Patxin pailazoak, Durana kalean.

- 13:00etan, kalejira herrikoia, Durana kalean hasita.

- 14:30ean, herri bazkaria: paella erraldoia. Iturrigorri frontoian.

- Bazkalostean, Gazte Ekimenak antolatutako jolasak gazte eta helduendako.

- 16:30ean, The MacKensy´s Band taldea kalean.

- 18:00etan, sokamuturra.

- 19:30ean, erraldoi eta buruhandien kalejira.

- Ostean, koadrilen eguneko sari banaketa.

- 20:30ean, Imperi Azteca mariatxi taldea, kaleetan.

- 23:30ean, Imperi Azteca mariatxi taldea, Mitarte kalean.

- 00:00etan, Txanogorritxu eta Otsoa, txosna gunean.

- 03:00etan, ordu alaia, txosna gunean.

- 07:00etan, mozkorraren jaitsiera, txosna gunean.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak