Leintz-Bailararen Itzuliaren 69. edizioa jokatuko da aurten. Manolo Zubillagak 40 urte daramatza proba antolatzen eta nahiko luke beste talderen batek antolaketa lanetan txanda hartzea. Hori izan da lasterketaren inguruan aurten sortu du nahastearen arrazoi nagusia. "Bakarrik gelditzen naiz eta nekatuta nago. Ez nuela antolatuko esan nuen", azaldu du Zubillagak. "Udaleko arduradunek, baina, jai egitarauan sartu zuten eta jendeak galdezka hasi zen. Zalaparta handia sortu zen herrian eta esan nuen, honenbestez, hartuko nuela ardura hori beste behin. Baina zerbait pentsatu beharra dago datozen urteetarako", jakinarazi du Zubillagak.
Ibilbidean, aldaketarik ez
Lasterketa Andramari bigarrenean, hilaren 16an, jokatuko da. Euskal Herriko zaharrenetarikoa da eta Zubillagak dio pena handia litzatekeela galtzea. Ibilbideari dagokionez, ez da aldaketarik egongo. Aretxabaletatik irten eta Gatzaga berritik Legutiora egingo du tropelak. Handik, Aramaiora eta Untzillatik buelta Aretxabaletara. Gero, Gatzaga zaharra igo eta Arrasatetik Aretxabaletara bueltatuko da tropela helmugan sartzeko. "Lasterketa ikusteko zaletuek badakite nora jo. Gehienek Gatzaga zaharrean edo Untzillan ikusten dute. Aldatza gogorrak daude eta polita izaten da ikuskizuna", dio Zubillagak.
80 bat txirrindulari
Aretxabaletako lasterketa 23 urteko azpikoendako eta elite mailako txirrindulariendako da. 80 bat txirrindulari espero dituzte antolatzaileek. Amaiera, 12:30ean aurreikusten dute. Ordu horretan uste dute iritsi direla lasterkariak helmugara.