Anbulatorioko langileak kexu dira, gaur egungo eraikinean lekurik ez dutelako

Iker Barandiaran 2007ko urr. 8a, 13:34
Irailean, Aretxabaletako anbulatorioko langileek eskaera bat egin zioten Udalari, daukaten egoitzaren eta Osakidetzaren gainekoa. Gai hori aztergai dute orain Udalean.

Anbulatorioko langileengana jo dugu azalpen eske, eta azaldu digute, gaur egun duten eraikinarekin, anbulatorioarekin, oso mugatuta daudela aretxabaletarrek behar dituzten zerbitzuak ganoraz emateko.

Txikiegia

Gero eta jende gehiago bizi da Aretxabaletan; gainera, Lagun Aroko osasun zerbitzua zutenek anbulatoriora jotzen dute orain. Hori da anbulatorioa txikiegia gelditu izanaren arrazoietako bat. Baina badira beste batzuk.

Anbulatorioko langileek jakinarazi digute haurdunaldiaren aurreko eta osteko ginekologia zerbitzua emateko leku nahikorik ez dutela. Horren aurrean, Udalak lokal bat eskaini zion anbulatorioari, baina Osakidetzak ez du onartu gura izan. Osakidetzak Aretxabaletako anbulatorioa berrantolatu gura du, ginekologia zerbitzua oraingo eraikinean sartzeko.

Anbulatorioko langileek, berriz, uste dute gaur egungo eraikinean ez litzatekeela leku nahikorik egongo, eta berrantolaketa horrek ez lukeela ezer konponduko. Horregatik, Udalari eskatu zioten Osakidetzak egin gura dituen lanak atzeratzeko.

Aldi berean, anbulatorioko langileek Udalari eskatu diote Eguzkienea inguruneko etxeetan lokal bat uzteko, ginekologia zerbitzua bertan jartzeko.

Hala ere, anbulatorioko langileek eta Udalak Osakidetzarekin berba egin beharko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak