Amnistiaren aldeko mozioa onartuta Aralarren aldeko botoekin

Mirari Altube Arrese 2008ko api. 30a, 13:31
Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako auziaren gaineko mozioa aurkeztu zuen Eusko Abertzale Ekintzak asteleheneko osoko bilkuran. Udalbatzako 10 kideetatik zazpi egon ziren, eta Aralarren aldeko hiru botoekin onartu egin zuten.

Ez ohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzak astelehenean. Udalbatza osatzen duten hamar zinegotzitik zazpi egon ziren, EAJko biek eta Ezker Batua-Berdeakekoak ez zutelako etortzerik izan. Zortzi puntu zituen gai zerrendak, baina horietatik hiru bakarrik eztabaidatu zituzten. Gainerakoak batzordeetan aztertu behar dituztela lehenengo aipatu zuen alkateak, tartean, kultura etxearen kudeaketaren esleipena eta babes ofizialeko etxebizitzak egiteko hitzarmena sinatzea.

Amnistiaren aldeko mozioa

Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako auziaren gaineko mozioa aurkeztu zuen Eusko Abertzale Ekintzak. Esan zuten ez direla delituak dispertsioa, tortura eta errepresioa salatzea, pertsonen eskubideak babestea eta preso, iheslari eta euren senideak laguntzea. Hala, Udalari hiru eskaera egin zizkioten: elkartasuna eta babesa luzatzea amnistiaren aldeko mugimenduko 27 auzipetuei eta militanteei; mugimenduak lanean jarraitzeko duen zilegitasuna aldarrikatzea, eta auziarekin batera bukatzea debeku eta kriminalizazioak; eta eskubideen urraketa, tortura eta errepresioa ahalbidetzen duen auzitegi nazionalaren desagerpena aldarrikatzea.

Alderdi sozialistak adierazi zien konfliktoa beti ETAren eskutik datorrela, eta oraindik  Isaias Carrascoren erailketaren gaitzespenaren zain daudela. EAE-ANVko kideek erantzun zioten: "Zinikoa da gero gu isilarazi ostean zuek entzun gura duzuena guri esateko exijitzea". Eta eztabaida sortu zen orduan. Inaxio Garro alkateak Aralarren izenean egin zuen berba, eta esan ETAren aurka era argian agertu diren moduan giza eskubide guztiak aldarrikatzen dituztela, eta mozioaren alde agertuko zirela. EAk, ostera, esan zuen presoen eta beste kolektibo batzuen kontrako ekintzen aurka azaldu arren oraingoan abstenitu egingo zirela, esandako moduarekin ez zetozelako bat. Mozioa onartuta geratu zen Aralarren aldeko botoekin.

Haur eskolaren araudia

Pausoka haur eskolaren araudia berraztertzeko helegitea, ostera, atzera bota zuen udalbatzak. Bi herritarrek aurkeztu zuten, eta haur eskolaren araudiaren 5. artikulua berraztertzea eskatzen zuten, hau da, umearen gurasoek Aretxabaletan erroldatuta egon behar izatea izenematea baino sei hilabete lehenago. Hezkuntza batzordean gaia aztertu ostean, Udal idazkariak txosten juridikoa gertatu du herritar horiek aurkeztutako helegiteari ezetza emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak