Ama-Lur enpresak jarraituko du Arkupen

Mirari Altube Arrese 2010ko urr. 8a, 16:40
Arkupe kultura etxea kudeatzen jarraituko du Portugaleteko Ama-Lur enpresak azken bi urteotan legez. Ba! herritik sortutako kultura mugimenduak gura zuen lehiaketara ateratzea zerbitzu hori, baina akats bat tarteko ezin izan du halakorik egin Udalak.

Ba! kultura mugimenduak eskatu zion Udalari kontratua moztu eta berriro ateratzeko lehiaketara zerbitzu hori. Eskaerarekin bat etorri eta asmo hori zuen Udalak, baina horretarako 90 eguneko aurrerapenaz jakinarazi behar zion Ama-Lurri kontratua eteteko asmoa. Hala egin ez duenez zuzenean berrituta geratu da kontratua eta beste urtebetez kudeatuko du Ama-Lurrek.

Ulertuezina

Ba! Atxabaltarron kultur mugimendua azken hilabeteotan sortu arren bertako kideak denbora luzean dabiltza Arkupe "aretxabaletarrongandik aretxabaletarrongana" kudeatzeko eskatuz: "Egitura sendo bat behar da kultura astinduko badugu herri honetan, eta Arkupek horretarako aukera ematen digu", dio Beñat Zamalloak, Ba! mugimenduko koordinatzaileak. Bilera asko egin dituzte Inaxio Garro alkatearekin eta herriko alderdi guztiekin egoten ere saiatu dira asmoen berri emateko.

Hori horrela, ez dute ulertzen ekainetik lehiaketa eta oinarriak lantzen ibilita zelan pasatu zaien Udal ordezkariei 90 eguneko epe hori: "Akats tekniko horregatik, beti ere Udalaren arabera, bertan behera utzi dute lehiaketa, enpresak neurriak hartuko dituela adierazi omen diolako", dio Zamalloak eta gaineratu du: "Bi urteotan behin eta berriz Udalari Arkupe herritarrongandik herritarrongana kudeatzeko aukera eskatu ostean, eta inoiz baino gertuago zegoela uste genuenean, bi urte hauetan moduan Inaxio Garro alkatearen baietzak ezetz izan dira". Horren gaineko hausnarketa egingo du egunotan Ba! mugimenduak eta herriko elkarte eta erakundeen babesa eskatu.

Herriko kultura dinamizatu

Alkateak bere aldetik jakinarazi du uztailerako lehiaketaren zirriborroa eginda zutela eta kontratua eteteko jakinarazpenaren epea 30 egunekoa zela uste zutela "beste kontratu batzuetan moduan". Epez kanpo zeudela jakitean Ama-Lur enpresako arduradunekin bilera egin zutela dio, "Udalaren nahia lizitaziora ateratzea zela jakinarazteko".

Ama-Lurrek orain arteko jardunaren balorazioa egin du egunotan eta alkateari jakinarazi dio herritarrak gustura daudela kultura etxearen kudeaketarekin eta ez dutela ikusten arrazoirik beste talde pribatu baten eskuetan uzteko kudeaketa hori.

Ba! mugimenduko ordezkariekin bilera egin du Garrok lehiaketarik ez dela egongo argitzeko: "Saiatu naiz ikusarazten kontu bat dela Arkupe eta beste bat herriko kultura. Eta ildo horretatik iaz batzorde bat osatu zela herriko kultura dinamizatzeko", dio. "Gainera, batzorde horretan Arkupe kultura etxearen jardunerako lineak markatuko lirateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak