Orkestrako zuzendari Juanjo Orbegozok Argentinako bidaia nondik datorren azaldu du. Joan den urtean Mexikon hainbat kontzertu eman zituztela eta Argentinako euskal etxe batek Interneten horren berri jaso eta orkestrarekin kontaktuan jarri zela azaldu du. Argentinako euskal etxeetara joateko gonbita egin zion orkestrari. Garai hartan, beste bidaia bat egiteko dirurik ez zuten. Orain, baina, laguntzen eta urtean zehar lortutakoari esker Argentinara joateko moduan daude.
Esan bezala, eguenean irtengo dira. Ez dute aspertzeko astirik izango, milaka kilometro egin beharko dituzte-eta. Domekara arte, La Plata hirian izango dira. Egun horietan Argentinako euskal etxeen astea ospatuko dute han eta bi kontzertu eskainiko dituzte.
Euskal Etxeak eta antzokia
Jarraian, Mar de Platara joango dira. Egun bat han igaro ostean, Bragado hirira joango dira. Han Danak Anaiak Euskal Etxean izango dute kontzertua. Handik Chivilcoira abiatuko dira, bi emanaldi dituzte-eta zain han. Villa Mercedesen bi eta Paranan eta Buenos Airesen kontzertu bana emango dute gainera. Orbegozok aipatu du hango euskal etxeek antolatu dituztela kontzertu guztiak; batzuk euskal etxeen egoitzatan bertan eta besteak antzokietan edo elizetan izango dira. Urriaren 16an itzuliko dira Aretxabaletara.
Emanaldi horietan abesti berri asko jo behar dituzte eta beraz, eguena bitartean, entseguak dituzte.