Orain dela urte eta erdi ere egin zuten azterketa leku berean, baina 30 lagin hartu zituzten eta ondorioak ateratzeko gutxitxo izan zirela esan zuten azterketa egindako kimikariek. Horregatik, eta Markole auzoko bizilagunek eskatuta, berriro dago furgoneta laginak hartzen.
Kutsatzaile nagusiak eta metalak
Airearen laginak hartzen dituen unitate mugikorra Eusko Jaurlaritzarena da eta aurrekoan jarritakoa baino berriagoa da. Jasotako laginak aztertzen dabiltzanak, ostera, Donostiako Kimika Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko kideak dira, eta fakultatetik bertatik egiten diote jarraipena unitate mugikorrari. Arazoren bat igarriz gero bakarrik etortzen dira furgonetara.
Kutsatzaile nagusitzat hartzen diren gasak aztertuko dituzte –SO2, CO, NO, NOx eta O3–, baita metereologi aldaketak ere: tenperatura, haizearen abiadura eta norabidea, euria eta hezetasuna. Gainera, airean dauden partikulei egingo diote jarraipena, zeintzuk diren eta zein kantitatetan zehaztuko dute. Eta metal astunik daukaten ere behatuko dute –kadmioa, kobrea, burdina, manganesoa, nikela, beruna eta zinka–. Horretarako kuartzoz egindako filtroak erabiltzen dituzte, halako azterketetarako bereziki erabiltzen direnak. 24 orduko laginak dira hartutakoak, astean 3 edo 4, eta guztira 45 lagin izango dira.
Hori guztia aztertutakoan airean dauden kutsatzaile horien portaera ebaluatuko dute kimikariek eta bukatzeko aurretik herrian egindako azterketekin konparatuko dituzte orain lortutako emaitzak. Indarrean dagoen araudiarekin ere alderatuko dituzte jasotako datuok.
Emaitzek gainditu ez araudia
Aurreko azterketa 2007ko maiatza eta ekaina artean egin zuten. Bizilagunek eskatu zioten Udalari Markole inguruko airea aztertzeko oso kezkatuta zeudelako etxe inguruan pilatzen zen hautsarekin. Azterketa egiteko 30 lagin bakarrik hartu zituzten eta denbora tarte laburra izan zela emaitza erabakigarriak lortzeko adierazi zuten kimikariek. Edozein hiritan dauden partikulak antzeman zituzten orduan; lanegunetan mailarik altuenak eman zituen eta aste bukaeretan bajuenak. Zazpi metal aztertu zituzten orduan eta gehien azaldu zirenak burdina eta zinka izan ziren, beti ere legeak ezarritakoa gainditu barik. Kutsatzaile nagusienek ere ez zituzten gainditu ezarritakoak.