Aretxabaletako Aralar, EA, Ezker Batua-Berdeak eta EAJ alderdiek urtarrilaren 6an, Arrasaten atxilotutako Igor Portu eta Mattin Sarasolarekin atxiloketa ostean gertatutakoa jendaurrean adieraztea gura dute. Hala eskatu zioten Espainiako Gobernuari joan zen egubakoitzean sinatutako adierazpenean. Zera adierazi zuten: dagokion organoari eskatu argitu eta adierazteko atxiloketa eta inkomunikazioaren prozesuan gertatutakoa; atxilotutako bi lagunen kontra erabilitako metodoak gogor salatu; eta Estatuko gobernuari eskatu behartzeko polizia indarrak edozein atxiloturen kontra erabil litekeen tortura jokabide susmoak alde batera uzteko, horretarako inkomunikaziorako tartea berehala desagerraraziz.
PSE-EE errespetu eske
Bestalde, Aretxabaletako PSE-EEk errespetua eskatu du prentsa ohar baten bidez. Oharrean dio, Donostiako epaitegiak ikerketa zabaldu zuela gertatutakoa argitzeko atxiloketa egunean bertan, del Olmo epaileak eskatuta. Horregatik errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko eta ikerketaren ondorioak itxaron. Eta diote: "Eskubide Estatuaren berme bat da errugabetasun-presuntzioa eta guardia zibil horiendako eskatzen dugu". Era berean, Guardia Zibilarekin bat egiten dute eta eskertu herritarren eskubideen alde egindako lana. "Tortura ez dela jokabidea gure Eskubide Estatuan" diote, eta larria dela polizia indarrekin lotzea. Askatasun eta segurtasunik ez izatearen errudun bakarra ETA dela esanaz bukatzen dute, eta desagertzeko exijitu.