Ba! herritik sortutako kultura mugimenduak Udalari eskatzen zion Arkupe kultura etxearen kudeaketa lehiaketara ateratzea. Horretarako, udalak azken bi urteetan kultura etxearen kudeaketa eraman duen Portugaleteko Ama-Lur enpresari kontratua eten behar zion. 90 eguneko aurrerapenaz jakinarazi behar zion Ama-Lurri kontratua eteteko asmoa. Udalari aldiz, epea pasa egin zitzaion; eta, ondorioz, zuzenean berrituta gelditu da. Hala, beste urtebetez kudeatuko du Ama-Lurrek kultura etxea.
Udalaren akats tekniko horren aurrean Ba! mugimenduak herriko elkarte eta erakundeei babesa eskatu die, eta atzoko agerraldian erakutsi zuten herrian lorturiko babesa.
Berba! ekitaldia
Era berean, aretxabaletarrei dei egin zieten, bihar ostirala, herriko plazan egingo den Berba! ekitaldian parte hartu dezaten. Berba! ekitaldiaren helburua da Ba! taldeak azken urteetan izan duen ibilbidea eta duen proiektua publiko egitea. Hitzordua arratsaldeko 18:30ean da herriko plazan.