17 milioi eurotik gorako Udal aurrekontua onartuta

Mirari Altube Arrese 2009ko ots. 18a, 13:52

Aretxabaletako udalbatzak onartu du 2009ko Udal aurrekontua. 17.530.910 euroko aurrekontua da, eta horiei gehituko dizkiete Urats Gain zaharren egoitzarena eta industrialdea kudeatzen duen Bihargintzarena, hortaz, guztira ia 18 milioikoa da.

Iazkoarekin alderatuta sei milioi gehiago aurreikusi dituzte; kirol etxe berriak sortu du igoera hori. Inaxio Garro alkateak azaldu zuen inbertsioak egiteko 10.000.000 euro erabiliko dituztela eta ohiko gastuarendako 7.300.000 euro inguru. Gainera, diru sarrerak zelan igo eta ohiko gastua zelan jaitsi aztertzen hasteko konpromisoa hartu dutela argitu zuen.

EAk ezezkoa eta EB-Berdeak taldeak baiezkoa

Alderdi guztiak ez ziren ados azaldu aurkeztutako aurrekontuarekin eta EAk ezetza eman zien. Edozein aurrekontuk ez duela balio aipatu zuten eta ohiko gastuari buelta emateko sentsibilitaterik ez dutela ikusi gaineratu. Aurreikusitako proiektuen lehentasunekin ez datozela bat azaldu zuten eta epe luzeko ikuspegi globalarekin zazpi azterlan egiteko proposatu zutela aurretik. Era berean, kirol etxe berriaren proiektuaren berrikusketa eskatu zuten "ordaindu eta mantendu daitekeen kirol etxe onena gura dugu, beste baliabide batzuk murriztu barik".

PSE-EEko zinegotziek abstenitzea erabaki zuten. Emendakin gutxi egin dituztela argitu zuten eta guztiak enpleguarekin zerikusia dutenak: enplegu poltsa sortzea, industriaren beharrak jakiteko eta enplegu garapenerako plana egitea. Pozik azaldu ziren biolentzia deslegitimatzeko 4.500 euroko partida onartu dietelako. Eta kezkatuta daude kirol etxe berriarekin: batetik, sortuko duen ohiko gastua ez delako aurreikusi eta bestetik, finantzatzeko %11 inguruko zorretan sartuko delako Udala.


EAJko bi zinegotziak ere abstenitu egin ziren. Ez dutela benetako proiekturik ikusi esan zuten eta "irizpiderik bako aurrekontuak" direla. Hala ere, EAJren proposamen batzuk kontuan hartu izana eskertu zuten, eta kirol etxe berriaren proiektuari babes osoa eman zioten.

Baietza bozkatu zuen Ezker Batua-Berdeakeko zinegotziak gizarte zerbitzuak indartu dituztelako aurrekontuan. Gainera, kuartel zaharrean etxebizitza sozialak egiteko konpromisoa adostu dute. Copreci lantegiaren beharrei erantzuteko konpromisoa hartzeak poztu egin zuen eta Udala kudeatzeko orduan kontu handia izan beharko dutela gaineratu zuen.

Aurrekontua datutan

Aurrekontu osoa    17.967.110 euro
Udal aurrekontua    17.530.910 euro
Urats Gain zaharren egoitza    593.574 euro

Aretxabaletako Bihargintza SA    3.000 euro

Aurrekontua, programen arabera:

Administrazio orokorra    1.231.941 euro
Errepideak eta bide publikoak    402.670 euro
Kultura, zerbitzu orokorrak    224.990 euro
Kultura etxea    526.000 euro
Jaiak    225.800 euro
Kirolak-aisialdia    353.545 euro
Gazteria    162.574 euro
Ingurumena    546.365 euro
Familia eta elkarbizitza programa    406.062 euro
Informazio eta orientazio egitasmoa    306.235 euro
Hondakinen kudeaketa    406.579 euro

Kale garbiketa    338.850 euro

Inbertsio aipagarrienak:

Kirol etxe berria    8.567.280 euro
Urkulu inguruko egitasmoa    250.000 euro
Zainduz gimnasioa ordaintzea    185.573 euro
Lur sailen erosketa    160.000 euro
Nekazaritza arloko inbertsioak    100.000 euro
Hiritartze lanak    100.000 euro

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak