150 farola aldatuko dituzte energia aurrezteko eta kutsadura murrizteko

Mirari Altube Arrese 2009ko api. 24a, 15:17
Aretxabaletako hainbat gunetan dauden 150 bat farolen instalakuntzak aldatuko dituzte asteotan. Lanparak eta ekipamenduak aldatuko dizkiete eta lortu gura dutena da argi kutsadura murriztea, argindarraren eraginkortasuna hobetzea eta energia aurreztea.

Aldaketok Estatu Fondoko dirulaguntzarekin egingo ditu Ingurumen Sailak, hain zuzen 54.288 euro eman ditu Espainiako gobernuak horretarako. Eta Udalak Electricidad Aranzabal enpresari agindu dizkio lanok.


Farolak herriko hainbat gunetan aldatuko dituzte. Hona: bidegorrian –Kurtzebarri eskolatik kanposantuko bidera bitartean–, kanposantu inguruan, Bedarreta auzoan, Santa Kurtz kaletik saihesbiderako irteeran, Lausitta kalean, Geltoki plazan eta Gipuzkoa plazan. 150 farola aldatu arren oraindik beste 80 inguru geratuko dira aldatzeko; horiek datorren urterako utzi dituzte.

Zerurantz argirik ez

Hirigintza Saileko arduradunek adierazi digute energiari dagokionean aldaketa garrantzitsua dela: "Lanparak botatzen duen argiaren fluxua barruan dagoen erreflektore edo islatzaile baten bitartez hazi egiten da; horregatik, vatio berdinak dituzten lanparek intentsitate handiagoarekin argitzen dute". 


Argindarraren kutsadurari dagokionean zera argitu dute teknikariek: "Lanpara berrien hego hemisferioa opakoa da, hortaz, argia beherantz eta alboetarantz banatzen da, behar den lekura hain zuzen". Hala, zerurantz ez doa argirik eta kutsadura murriztu egiten da.
Jarriko dituzten polikarbonatu zuriz egindako farola horiek bezalakoak dagoeneko badaude herriko txoko batzuetan: Lausitta kalean Deba ibaiaren alboan eta Urats Gain zaharren egoitzako lorategi aurrean. Eta etxe berriak egiten dabiltzan tokietan ere halakoak jarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak