Tranbiaren proiektua ikusgai dago udaletxean

Mirari Altube Arrese 2006ko aza. 23a, 10:53
Iritsi da tranbiaren proiektua udaletxera, eta ikusgai jarri dute ibilbidea zehazten duen panela osoko bilkuren aretoan. Aldaketa handiak ditu hasierako proiektuarekin alderatuta, eta abenduan hasita hilabeteko epea izango dute herritarrek alegazioak aurkezteko.

Iazko otsailean aurkeztu zuen orduan sailburu zen Alvaro Amannek proiektua gure herrian. Haren arabera Otalora eta Durana kaleetatik eta Araba ibilbidetik pasatu behar zuen tranbiak. Bizilagun asko ez ziren ados agertu orduan –batez ere Duranakoak–, eta Udalak berak alegazioak aurkeztu zizkion eta aldaketak proposatu. Eskatutakoa aintzat hartu du Jaurlaritzak, eta aldatu egin dute proiektua, guztiz aldatu ere. Hona tranbiak Aretxabaletan izango duen ibilbide berria: Arrasatetik datorrela herrian sartu eta musika eskola inguruan banatu egingo da; norabide batek Bedarretako San Migel auzunetik Lausitta kalera egingo du, eta errekaren beste aldetik joango da Belorrieta auzo hasieran erreka gurutzatu arte. Beste norabideak Otalora kaletik Errekabarrenera egingo du, eta Belorrieta hasieran biek bat egingo dute. Handik aurrera batera jarraituko dute Loramendi kaletik Araba ibilbideraino.

Alegazioak aurkezteko epea

Eskatutako aldaketa guztiak ez dizkiote onartu Udalari–norabide biak errekaren beste aldetik pasatzea–, teknikoki ez zirelako posible. "Udala gustura dago proiektu berriarekin, baina Hirigintza saileko teknikariak aztertzen dabiltza oraindik txosten berria, eta alegaziotxo batzuk aurkeztuko ditugu", argitu digu Arritxu Oliden alkateak.

Jaurlaritzak txostena bidali du proiektua kontsultatzeko, baina herritarrei kontuak errazteko panel bat egingo du Udalak. Bertan ibilbidea eta herrian izango dituen geltoki guztiak zehaztuko dituzte. Osoko bilkuren aretoan jarriko dute panela, eta udaletxeko bulego ordutegietan edonor hurreratu ahal izango da ikustera. Horrekin nahikoa ez eta txostena zehatz-mehatz ezagutu gura duenak hitzordua eskatu beharko du Hirigintza Sailean.

Tranbiaren gaineko proiektua udaletxean dago, eta horren berri ekarri zuen hilaren 22ko GAOk. Orain Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar du Jaurlaritzak: "Abenduaren 4aren inguruan izango dela esan didate", esan du alkateak, eta orduan hilabeteko epea egongo da alegazioak aurkezteko: "Hau da, urtarrilaren erdi ingurura arte. Gainera, epea luzatzeko eskatu gura diet".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak