Italiara bidaia zen Aratzeko kideentzat filma egiten pasatutako ordu gogorren ordaina. Baina hori gutxi ez, eta sariarekin itzuli ziren domekan Gorgonzolako zinema jaialditik.
Bost egun zirraragarriak izan dira Aratzeko ia 50 lagunentzat. Ondo baino hobeto aprobetxatu gura izan dituzte, gainera. Monakon Grimalditarren jauregia, kasinoa eta luxuzko hotelak ikusi zituzten; Venezian San Markos plaza, Rialto zubia, eta gondolak; Veronan Julietaren etxea eta Milanen eskala eta katedrala beste batzuen artean. "Gorgonzolan antolatzaile eta Udaleko ordezkariek ongietorria egin ziguten, eta zapatuan afaltzera gonbidatu gintuzten. 60 lagun elkartu ginen eta giro bikaina sortu zen, kantuan eta guzti egin genuen", azaldu digu Jokin Antxia arduradunak. Zinemaldiko hirugarren eta laugarren jardunaldiak ikusi zituzten Aratzekoek, eta egunero 500 lagun inguru elkartu ziren antzokian. Sari banaketa Emmanuela Folliero Italiako telebistako aurpegi ezagunak aurkeztu zuen zapatuan, eta "miglior film esorciente" hasiberrien film onena aretxabaletarrentzat zela esan zuen. "Hango salto eta poza. Berba batzuk esan, agurra dantzatu eta ekilorea jaso genuen", esan digu Jokinek.