Aratz taldeko kideak Italiara doaz film laburra aurkeztera

Mirari Altube Arrese 2006ko urr. 10a, 14:20
Urriaren 11 goizean atera eta datozen bost egunak Italia aldean pasatuko dituzte 50en bat lagunek. Orain hilabete batzuk egindako Bidaia baten ametsa film laburra Gorgonzolako zinema jaialdian aurkeztuko dute Aratz taldeko kideek.

Italiako Gorgonzola herrian egiten duten film laburren lehiaketan aurkeztuko dute Bidaia baten ametsa. Negu partean hainbat hilabetetan gogor jardun zuten lanean Aratzeko kideek 10 minutuko filma grabatzen. Atzegik lehenengoz antolatutako film laburren lehiaketara aurkeztu zuten gero emaitza, eta maiatzean hirugarren saria eman zietela jakin zuten aretxabaletarrek. Orduan saritutako hiru film onenek Gorgonzolako nazioarteko lehiaketara aurkezteko txartela eskuratu zuten. Ia 30 filmek jardungo du norgehiagokan, baita Euskal Herrian egindako beste batzuk ere: Irungo Portal 12, 5. izda eta Donostiako Bilintx. Euskaldunez gain, Italia, Frantzia, Belgika eta Afrikako hainbat herritako lanak izango dira ikusgai. Aratzeko kideei, baina, sari banaketak ez die loa kenduko.

Ia 50 laguneko taldea

Kultura bidaia izena jarri diote Italiako joan-etorriari Aratzeko kideek. Ondo zehaztutako egitaraua daramate, hemendik eta domekara bitartean dauden bost egunok ondo baino hobeto aprobetxatzeko. Guztira 46 lagun joan dira: Aretxabaletako zazpi familia, hau da, 22 lagun; lau begirale; Atzegiko egoitzako 12 lagun eta sei begirale, eta bi gidari autobuserako. Monako, Venezia, Milan eta Gorgonzola ezagutuko dituzte bidaian, eta urriaren 14an, film laburren laugarren eta azken jardunaldia ikustera hurreratuko dira; gainera, Aratzekoen filma eskainiko dute bertan. Ondoren sari banaketa ekitaldia egingo dute. Egindako lanaren emaitza da Italiarako bidaia, eta badakite sariren bat eskuratzea oso zaila izango dela. Hori bai, ilusioz gainezka doaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak