Umore onean ospatu zuten erretiratuen eguna

Goreti Elortza 2006ko urr. 9a, 10:51
Urtero moduan erretiratuen eguna ospatu zuten zapatuan Aretxabaletan. Udalak urteak dihardu erretiratuak omentzen eta aurten urtero bezala erantzun bikaina izan du ekimenak.

Salda Basotxo erretiratuen elkartean hartu ondoren parrokiara joan ziren nagusi asko, meza entzutera. Baina parrokoa agertu ez eta sakristauak eman behar izan zuen meza. Bazkarian Jesus Ortiz de Urbina parrokoak azaldu zigun gertatutakoa. "Etxetik irten eta igogailu barruan gelditu naiz ordubete inguru. Horregatik ezin izan dut gaur meza esan" zioen barreka Aretxabaletako parrokoak. "Bazkarirako atera naute behintzat", bukatu zuen parrokoak.

Menu bikaina

Kiroldegian egin zuten bazkaria. Guztira 300 bat lagun animatu ziren eta ederki jan zutela aitortu ziguten. Cadreita herritik (Nafarroa) etorritako Irene janari-etxeak sekulako menua prestatu zuen zapaturako. Frijituak, ajoarrieroa, langostinoak, entsalada eta bildotsa jan zuten nagusiek, eta postrerako tarta izoztua eta izozkia izan zuten. Mirari Aiastui gizarte laguntzaileak esan zigun moduan "oso pozik gaude, jendea gustura egon da eta. Aurten, erretzea debekatu dutela-eta ez ditugu puruak banatu urtero moduan. Erretzaileek kanpora irten behar izan dute...".

Beste aldaketa bat ere egin dute aurten antolatzaileek. "Urtero zozkatzen dugu zerbait, baina aurten oparia emango diegu guztiei", azaldu zuen Mirari Aiastuik.

Dantzaldia

Juan Luis Lekunberriren musikarekin askotarikoak dantzatu zituzten nagusiek. Arin-arina eta fandangoa dantzatzera animatu zenik ere egon zen. Ez dute umore faltarik nagusiek. Arratsaldeko 18:00ak arte luzatu zen dantzaldia.

Urtero omentzen dituzte gizon eta emakume nagusienak eta aurten ere horrela egin dute. "Bazkarira ez dira etorri, baina etxera eramango diegu oparia. Zaharren egoitzetara ere pastelak bidali ditugu, etorri ezin direnentzat" esan zigun Mirarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak