Hasi dira lanean Barriketan egitasmoko taldeak

Mirari Altube Arrese 2006ko urr. 5a, 13:43
Udalak abian jarritako Barriketan egitasmoan 7 talde hasi dira lanean. Euskaraz berba egiteko guneak sortzea du helburu, eta konpromiso bakarra daukate taldeek, astean ordubete euskaraz jardutea.

Astean bertan hasi dira euskaraz jardun gura duten taldeak elkartzen, eta Udalak egitasmoaren berri eman du. Euskara Biziberritzeko Planaren barruan kokatu dute Barriketan egitasmoa, eta Udal euskaltegiaren eta Loramendi EEren laguntza jaso du. HABEk, bestalde koordinatzen lagunduko die. Euskaraz berba egiteko guneak sortzea du helburu: "Euskaltegiko ikasleei edo euskaraz jakin baina egiteko ohiturarik ez dutenei euskaraz jarduteko guneak eskaini gura dizkiegu", argitu zuen Karmele Agirregabiria euskaltegiko zuzendariak.

Zazpi euskaldun zahar edo emailek –erretiratu, gazte zein etxekoandreak– eta 17 hartzailek edo zazpi talde sortu dituzte, eta hemendik eta Gabonak bitartean jardungo dute lanean. Konpromiso bakarra hartu dute: gutxienez astean ordubetez euskaraz egitea. Mariasun Melgar euskaldun berriak zera azaldu zuen:"Urte askoan ibili naiz euskaraz ikasten, eta lehen alabarekin egiten nuen. Orain 12 urte ditu eta ez naiz gai. Gainera, kalean guztiek erdaraz egiten didate. Horregatik aukera paregabea da niretzat".

Izena eman ahala taldeak sortuko dituzte, hortaz, interesatuek Udalera, Loramendira edo Udal euskaltegira jo dezatela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak