Joan den asteko asteleheneko osoko bilkuran erabaki zuen udalbatzarrak Amaral enpresari ematea Otalora kaleko saneamendu eta hornikuntza lanen ardura. Lehenbailehen hasi gura dituzte, eta zortzi hilabetean bukatzeko konpromisoa hartu du Amaralek. 2.479.000 euroko aurrekontua daukate, eta guztira 9.080 metro koadro konponduko dituzte.
Hiru zatitan banatuta
Hiru zatitan banatuta
Lanak bukatutakoan guztiz itxura berria izango du Otalora kaleak. Saneamendu lanekin batera argiteria, telefono kableak eta lorategiak berrituko dituzte, lurzorua txukundu eta kaleko altzari berriak jarri. Lan bakarra izango da, baina hiru zati izango ditu: parrokia parean hasi eta Untzillara doan errepidera arteko zatiari Durana kalearen itxura emango diote galtzada-harria jarrita; musika eskolaraino joango da bigarren zatia eta Santutxuraino hirugarrena.
Santutxun biribilgunea
Bestalde Santutxuko ermita parean biribilgunea egiteko asmoa dauka Aldundiak. Errepideak eta tranbiak bat egingo dute herriko iparraldeko sarreran eta biribilgunearen beharra aurreikusi dute. Proiektua egiteko lanak LKS enpresari eman dizkio Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak.