Liverpool taldea "Xabi Alonso" lagun taldea sortu dute

Mirari Altube Arrese 2006ko ira. 14a, 14:28
Futbolaren inguruko beste lagun talde bat sortu dute herrian: Liverpool taldea "Xabi Alonso". Hurrengo asteburuan, irailak 23, aurkezpen jaialdia egingo dute, eta bazkideak gura dituzte.

Real zaleek Ametzueta taldea sortu zuten iaz, eta orain, Ingalaterrako Liverpool taldearen zaleak elkartu dira. Taldea eratuta dago dagoeneko eta bazkide bila dabiltza orain."Askok Liverpool gustuko genuen Xabi Alonso joan aurretik, eta orain euskaldun bat han egonda askoz hobeto. Xabi bultzatuko dugu lagun taldearekin", esan digu Ainhoa Sanchez idazkariak. Dagoeneko 50en bat bazkide ditu talde berriak, gehienak aretxabaletarrak eta asko Ametzueta taldeko kide ere badira.

3x3 partiduak

Hurrengo astebururako, irailak 23, Xabi Alonso jaialdia antolatu dute. Taldearen aurkezpen ekitaldia izango da eta bazkide gehiago egiteko modua. Egitarau txukuna gertatzen dabiltza, eta ekitaldirik garrantzitsuenetakoa 3x3 txapelketa izango da. Zapatu goizean jokatuko dituzte partiduak Herriko Plazan, baina aurrez eman behar dute izena interesatuek. Hiru kidez osatutako taldeek elkarren aurka jokatuko dute, eta bi maila egin dituzte partiduak jokatzeko: alebinak, infantilak eta kadeteak alde batetik; eta gazteak eta seniorrak bestetik. Lehenengo taldekoek debalde dute izena ematea, eta bigarrenekoek 3 euro ordaindu beharko dute hirukoteko. Neska, mutil, zahar edo gazte, edonork eman dezake izena Orly tabernan, eta azken eguna hilaren 21a izango da, eguena. Argibide gehiago gura izanez gero deitu 676 16 81 16 telefono zenbakira.

Girondis-Liverpool partidua

Irailaren 23ko jaialdia herritarren aurrean agertzeko bidea da, baina ez daukate horretan geratzeko asmorik. Hain zuzen hurrengo hilerako Bordelera bidaia antolatzen hasita daude. Urriaren 18an, eguaztena, partidua jokatuko du Liverpoolek Girondis taldearen aurka. Lagun talde berriko kideek autobusa antolatu gura dute Bordelera joan eta bai Liverpool, bai Xabi Alonso bultzatzeko. Orly tabernan jasoko dituzte interesatuen izenak, eta azken eguna irailaren 24a izango da, domeka. Ez dakite zenbat sarrera bidaliko dizkieten Liverpooldik baina lehentasuna lagun taldeko kideek izango dute; ondoren, taldeko bazkide ez direnak sartuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak