Hautatu dute kirol etxea berritzeko ideia

Mirari Altube Arrese 2006ko ira. 8a, 13:59
Herrian daukagun kirol etxearekin zer egin erabakitzeko ideien lehiaketa deitu zuen Udalak orain hilabete batzuk. 19 lan aurkeztu zituzten eta guztiak ondo aztertu ostean hautatu dute irabazlea.

Daukagun kirol etxea bota eta berria bertan egitea proposatu dute Donostiako Asier Akuriola eta Gasteizko Fernando Bajo arkitektoek, biak Donostiako Arkitektura Eskolako irakasleak. Beheko solairuan harrera gela, administrazio bulegoak aldagela batzuk eta erabilera anitzeko gimnasioa egongo lirateke –hainbat gelatan bana daitekeena–. Solairu bat behera jaitsita zera proposatu dute: aldagela batzuk, kantxa handia –gortina bidez bi edo hirutan banatzeko– eta atzeko partean, trinketa eta alboan rokodromoa. Biltegiak, masaje gela, kirol medikuntzarako gelatxoak, kirol elkarteentzat bulegoak eta proiekzio gela ere solairu horretan egongo lirateke.

Igerilekua hirugarrenean

Lehenengo solairuan honakoa egongo litzateke: fitness gela handia, administrazio bulegoak, harmaila gutxi batzuk kantxako partiduak ikusteko eta egonlekua zerbait jateko edo egunkaria irakurtzeko.

Bigarren solairuan makinentzat gela egongo litzateke. Eta hirugarren solairuan: aldagelak eta hiru igerileku. Handienak zazpi kale izango lituzke, eta beste biak txikiak izango lirateke: bata oso sakonera txikia duena eta bestea sakonera handiagokoa igeriketa ikastaroak egiteko. Sauna eta baporezko tratamenduentzat gelak alboan izango lituzke. Gainera, pasabide batek igerilekutik kanpora ateratzeko aukera eskainiko lieke erabiltzaileei eguzkia hartu ahal izateko. "Igerilekua dagoen gela ikusgarria izango da fatxada kristalezkoa aurreikusi dute, eta bertatik Aretxabaleta ez-ezik ia bailara osoa ikusiko delako", dio Asier Muxika kirol teknikariak.

Kanpoan lau kantxa

Kanpoaldean, gaur egun zelaia dagoen lekuan, tenisean jokatzeko kantxa bi, padelean egiteko beste bi eta futbolean jarduteko zelai txiki bat aurreikusi dute. Lau kantxak lurraren maila baino beheraxeago egongo lirateke, baina estali barik.

Herritarrek kirol etxe berriaren gaineko argibideak izan ditzaten erakusketa jarriko dute maketa eta panelekin, baina data oraindik ez dute zehaztu. Udaleko arduradunak arkitektoekin elkartuko dira orain moldaketa batzuk proposatzeko, eta ondoren aurreproiektua egiteko eskatuko diete. Kirol etxe berriak 9 milioi inguruko aurrekontua eskatzen du, dirutza handia, hortaz, ez dago garbi aurrera egingo duen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak