Goitik behera berrituko dute Otalora kalea

Mirari Altube Arrese 2006ko uzt. 14a, 14:47
Ur hornikuntza eta saneamendu lanak egingo dituzte Otalora kalean, eta hori aprobetxatuta kalea erabat berritu eta dotoretzea erabaki du Udalak. Hala onartu zuten astelehenean egindako osoko bilkuran, EAJ eta PPko aldeko botoekin; Aralar eta Ezker Batua abstenitu egin ziren.

Ur hodiak ez ezik argiteria, telefono kableak, lorategiak, eta lurzorua txukundu eta kaleko altzariak berrituko dituzte. "Herriko iparraldeko sarrera izanik lurzorua, argiteria eta altzariak zaindu gura izan ditugu kalitatezko materialak erabiliz", argitu zuen Jose Mari Segovia hirigintza teknikariak.

Lan bakarra izango da, baina hiru atal izango ditu: Durana kale bukaeran hasi eta Aramaiora doan errepideraino lehenengoa, kuartela izandako eraikineraino bigarrena, eta Santutxuraino hirugarren atala.

Otalora kaletik, gainera, tranbia pasatuko da, eta kontuan hartu du hori Udalak proiektua egiterakoan. Lehenengo zatiari, Aramaioko errepidera artekoari, Durana kalearen itxura emango diote galtzada-harria jarrita. "Tranbiaren lanak hastean harria jaso egingo dute, eta gero berriro jarri, hortaz, ez dugu galerarik izango, ezta aparteko gasturik ere", esan zuen Segoviak. Hirugarren zatiko Tubos de Precision lantegi pareko espaloia, ostera, ez dute ukituko tranbiak bete-betean harrapatuko duelako. Zati berean baina beste aldean dagoen espaloiak aldaketa handia jasango du. Izan ere, dena bota eta bereiztuta egongo diren bi espaloi egingo dituzte: bata, bereziki atarteetara joateko malda txikiko arrapala luzeekin, eta bestea, kalean dabilen oinezkoarentzat. "Honek garestitu egin du proiektua. Gainera, maila ezberdinetan dauden bi espaloi egitean horma jarri behar da, eta kareharriarekin egingo dugu. Baranda ere jarri beharko dugu, eta altzairu herdoilgaitzez egindakoa izango da", azaldu zuen Segoviak. Argiteria ere zainduko dute tarte honetan herriko sarrerari beste itxura bat eman guran eta ez dituzte edozelako farolak aukeratuko.

Aurrekontu potoloa

Hiru zati egin dizkioten Otalora kalean 9.080 metro koadro konponduko dituzte. 9 hilabetetan egitea eskatuko diote lanok egin behar dituen enpresari, gehiegi ez luzatzeko, eta udazkenean hasi gura dituzte. Aurrekontu potoloa daukate, gainera, lanek 2.479.000 euro, hau da, metro koadroak 265 euroko gastua izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak