"Eskertzekoa da gurekin gogoratu izana"

Mirari Altube Arrese 2006ko uzt. 10a, 13:10
Egun borobila izan zen atzokoa Errasti aita-semeentzat. Urrezko intsigniak ezarri zizkien Aretxabaleta Kirol Elkarteak orain arte egindako lana eskertzeko, eta gainera, Debarroko Pilota Txapelketako finala irabazi zuten Unai eta Ibon Errastik.

Hunkituta zegoen Juan Mari Errasti intsignia ezarri ziotenean: "Eskertzekoa da gurekin gogoratu izana eta pozik hartzen dira halako omenalditxoak", esan zuen 35 bat urte pilotaren inguruan lanean eman duen Juan Marik. "Mutikoak entrenatzen hasi nintzen lehenengo eta neuk antolatzen nituen txapelketak ere: benjaminekin hasi eta 23 urtez azpiko mailara arte, 200 mutiko inguru. Gero lan aldaketa izan nuen eta denbora gutxiago nuenez utzi egin nion entrenatzaile lanari, baina ez ordezkari izateari".

Urte askoan UDAko presidente izandako Bixente Etxeandiak jarri zion intsignia Juan Mariri, eta UDAko oraingo zuzendaritza batzordeko kideek Unai eta Ibon Errasti pilotariei. "Ez dakit noiz arte jarraituko duten semeek. Nik, neuk, ondo ikusten ditut eta beste urtebetez behintzat jarraitzeko esaten diet, baina erabakia eurena da", esan zuen Unai eta Ibonen aitak. Atzo bertan, irabazi egin zuten Debarroko Txapelketako senior mailako finala Arrasateko Axpe eta Uribarrenen aurka. Hala, seigarren txapela eskuratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak