Abian da Barriketan egitasmoa

Mirari Altube Arrese 2006ko eka. 23a, 14:25
Barriketan izeneko egitasmoa jarri dute abian Udalak, Leintz Udal Euskaltegiak eta Loramendi Euskara Elkarteak. Ekainean abiarazi dute, baina irailean gorpuztuko da egitasmoa.

Euskaldun zaharrak eta berriak harremanetan jarriko ditu Barriketan proiektuak. Helburua da euskara ikasleek zein euskaraz jakinda berba egiteko ohiturarik ez dutenek, euskaraz berba egiteko ohitura dutenekin jardutea. Horretarako, Barriketalagun taldeak sortuko dituzte, hau da, euskaldun zahar batek eta berba egiteko nahikoa maila duten bi euskaldun berrik osatutako taldetxoa. Eta hirukoteari eskatuko diote gutxienez astean behin elkartzea, –gura duten egun, ordu eta lekuan– euskaraz berba egiteko. Loramendi EEko bazkideei, gurasoei eta herritarrei egin diete Barriketalagun izateko gonbidapena egitasmoaren sortzaileek. Ekainaren hasieran bidali zituzten gutunok ikastetxeen bitartez gurasoei eta Loramendiko bazkideei zuzenean. Euskaldun berriengana iristeko, ostera, Udal euskaltegira jo dute, eta azken zortzi urteotan ibilitako goi urratsetako ikasleei eskaini diete proiektuan parte-hartzea.

Ekain hasieran bidalitako gonbidapenei hasi dira erantzuna ematen. Dagoeneko hamaika bat euskaldun berri edo euskaraz egiteko ohitura ez dutenak gertu egongo lirateke egitasmoan hasteko. Horientzat baina, euskaldun zaharrak behar dituzte, hau da, euskaraz bizi direnak. Antolatzaileek argi utzi gura dute edozein izan daitekeela: etxekoandre, erretiratu, guraso, ikasle… Eta konpromisoa ez da handia, gutxienez astean behin elkartzea euskaraz jarduteko. Batzuk kafea hartzera joango dira, beste batzuk paseatzera ume eta guzti, eta zergatik ez, bizikletan edo patinekin ibiltzera ere joan daitezke euskara lagun dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak