Sahararen aldeko elkartea sortu dute

Mirari Altube Arrese 2006ko eka. 9a, 15:39
Sahararen alde lan egingo duen elkarte berria daukatu herrian. Olaia Sagredo eta Roberto Hernandez arrasatearrek sortu dute, eta aurkezpen ekitaldi gisa Sahararen aldeko astea antolatu dute ekainaren 12tik 17ra.

Izenaren doinuari antzeman dakioke Sahara aldekoa izan behar duela elkarteak, eta halaxe da. "Saharari laguntzen dioten talde asko daude, batzuk umeak ekartzen dituzte, beste batzuk karabanak antolatu, baina iruditzen zitzaigun politikoki indarra egiten duenik ez zegoela. Horregatik gure helburua irtenbide politikoaren alde egitea da, eta Espainiako gobernuak onartzea RASD, hau da, Saharako Errepublika Demokratikoa", dio Olaia Sagredok. Aurtengo otsailean bete dira 30 urte Maroko Saharan sartu eta gerra hasi zuela. 1991n bukatu zen gerra baina ordutik banatuta bizi dira sahararrak. Batzuk Aljeriako lurretan daude kanpamenduetan; basamortu gordinean inolako baliabide barik. Beste batzuk Mendebaldeko Saharan bizi dira marokoarren menpe eta egoera bortitzak jasanez. "Azken hauek iazko maiatzean intifada hasi zuten, hau da, herrialdea berreskuratzeko ekintzak egiten indarkeriarik erabili gabe. Baina Marokok gogor zigortu zituen, eta orain ere inor gutxi uzten du sartzen okupatuta duten Saharan", argitu du Olaiak. Hiru aldiz joan da Olaia Algeriako lurretan dauden kanpamenduetara. Azken bidaia Aste Santuan egin zuen Tindufen dagoen 27 de febrero izeneko kanpamendura, eta hurrengoa urrian egin gura du.

Sahararen aldeko astea

Bai elkartearen, bai Sahararen berri emateko Sahararen aldeko astea antolatu dute astelehenean hasi eta zapatura bitartean. "Argazki erakusketarekin kanpamenduetako egoeraren berri emango dugu, eta ziurtatzen dizuet benetako egoeraren berri ematen dutela argazkiok. Berbaldia, bestalde, Saharako preso eta desagertutakoen elkarteko kide den Mohamedek egingo du. Testigantzaz osatutako bideoa eskainiko dugu lehenengo eta gero azalpenak eman. Eta astea bukatzeko jaia antolatu dugu zapaturako. Saharako hainbat kide etorriko dira haima jartzera Herriko Plazan, eta hennarekin marrazkiak egingo dituzte gorputzean, baita tea eskaini ere. Hori guztia musikarekin lagunduta izango da", dio Olaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak