Aratz taldeko lau igerilarik zazpi domina lortu zituzten Donostian

Mirari Altube Arrese 2006ko eka. 2a, 13:20

Donostiako XII. igeriketa txapelketa jokatzera joan ziren Aretxabaletako adimen urritasuna duten Aratz taldeko lau kide. Jokatzera joan eta zazpi domina eskuratu zituzten, sei urrezkoak eta brontzezkoa.

Nagusiena Juan Carlos Barkero da eta 36 urte ditu; Iñaki Iturbek 34 eta Iker Arejolaleibarrek 28, eta hirurak dira aretxabaletarrak. 21 urte dituen Jon Ander Leonardo da gazteena, eta igerilarien gorputza duen bakarra. Jaiotzez arrasatearra bada ere Durana kaleko 13. zenbakian Atzegik etxea zabaldu zuenetik Aretxabaletan bizi da. Urte guztian jarduten dute igerian kirol etxean. Eguenetan elkartzen dira Pedro Balenciaga entrenatzailearekin, eta haren ulu eta aginduen artean ibiltzen dira uretan atzera eta aurrea ordubetez. Txapelketako data hurreratzen hasten denean, gainera, denborak neurtzen dizkie Pedrok hobetzen joateko.

Sei urrezko eta brontzezkoa

Aratzeko kideek Atzegi taldearekin hartu zuten parte beste sei elkarterekin batera, guztira 100 lagunetik gora, eta Debagoieneko bakarrak izan ziren. Oso ondo jardun zuten taldeka eta urrezko domina eskuratu zuten. Bestalde, Jon Anderrek beste bi domina ere jaso zituen, urrezkoak biak: crawl eran eta bizkar-igeriketan. Eta Juan Carlosek brontzezkoa jaso zuen crawl eran, Iñaki laugarren sailkatu zen eta Iker bosgarren. Pedro entrenatzaileak argitu gura du zein eratako txapelketa den Donostiakoa:"Bi atal bereizten dituzte antolatzaileek: norgehiagoka eta parte-hartzea. Norgehiagokan jarduten duten igerilariek benetan denbora onak egiten dituzte. Horregatik parte-hartze atalera aurkezten gara gu, dominak lortzeko aukerak izan ditzagun". Ikerren aita den Luis Mari Arejolaleibarren esanetan taldea indartzea gurako lukete beste kide batzuk sartuta: "Datorren urteko txapelketara begira kide berriren bat izango dugu taldean seguru asko". Hala ere, entrenatzaileak zein Arejolaleibarrek badakite gero eta igerilari bizkorragoak datozela txapelketara eta dominak bukatu egin daitezkeela halako batean. Hori gertatu bitartean, baina, gozatzen utziko diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak