Otsailean sinatu zuen hitzarmena eskolak Udalarekin Agenda 21 garatzen hasteko. Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleek energiaren gaia landu dute hiru hilabete horietan.
Herritarron ohitura aldaketak, gizakiaren eraginez klima jasaten ari den aldaketak, herriko denda eta enpresen ohiturak eta Udalaren eraikinetako energia baldintzak aztertu dituzte beste kontu batzuen artean. Energia aurrezteko ahalegin gutxi egiten dela ondorioztatu dute eta energia berriztagarrien aldeko apustua egin beharrean gaudela aipatu. Udalak laguntzak bideratu beharko lituzkeela enpresentzat esan zuten, berrikuntza teknologikoak bultzatu eta herritarrengan kontzientzia sortzeko argibideak eman. Arritxu Oliden alkateak erantzun zien garraioa izan dela arazo urte askoan baina tranbiak arinduko duela; eraikuntza berrietan energia aurrezteko irizpideak hartzen direla kontuan eta argiteria publikoa ikertzen dabiltzala. Ikasleek txosten mardula utzi zuten udaletxean eta erantzunaren zain geratu ziren.