Betiko erromerien giroa sortu zuten Otala Zelain

A.G. 2006ko mai. 15a, 10:35
Jendez beteta eta giro ezin hobearekin, apartekoa izan zen atzo Otala Zelaiko erromeria, eta erantzun paregabea izan zuen.

Giro ezin hobearekin, ehunka aretxabaletar igo ziren Otala Zelaira domekan. Tradizio handiko ospakizuna da hori herrian, eta aurtengo erantzuna aspaldiko onenetarikoa izan ei da. Egitaraua ere ez zen makala izan; goizean goizetik hasi eta arratsalderaino aspertzeko aitzakiarik ez zuten izan aretxabaletarrek.

Jendetza izugarria ibili zen atzo egun guztian Otala Zelain; hain da hori horrela, antolatzaileak datozen urteetarako ekintza gehiago prestatzea pentsatzen hasi dira, partaidetza ikusita. Umeak Gorritiren animaliekin jolasean eta nagusiak eguerdiko paella lehiaketarako sua prestatzen, goizean goizetik ikusi zen mugimendua inguruan. Eguerdi aldera trikitilariak hasi zirenean, jaia gelditzerik ez zegoen...

Trikitixa eta paellak

Goiz partean neska-mutikoen jolas eta algarak nagusitu baziren ere, eguerdi partean paelletako usain goxoak eman zuen atentzioa. Aurretik sagardoa egon zen dastatzeko eta herri bazkarirako prestatzen joateko. 18 taldek eman zuten izena paella lehiaketarako, baina guztiek ezin irabazi eta, hiru kategoriatan, Antonio Galiano, Trikitixa taldekoek, Iñaki Barrenetxea eta Maria Belen Puxek eta Aritz Beidia eta Maite Carrascok jaso zuten saria, 100 eurokoa.

Giroak ez zuen behera egin, ezta eguraldi apartak ere, eta herri bazkarira lagun ugari animatu ziren, 400 gutxi gorabehera; eta bazkalostea ere dezente luzatu zen. Beharko, hurrengo orduak ere ez ziren geldi geratzeko modukoak izan-eta. Umeendako herri kirolak antolatu zituzten eta nagusiagoendako dantzaldia egon zen Txinpartakoekin. Arratsaldean, amaitzeko, Loramendi dantza taldekoek egin zuten saioa eta gero jaia Txinpartakoek itxi zuten; festa iluntzera arte luzatu zen.

Erromeria horrek Aretexabaletan ohitura handia dauka eta aurten ere paregabeko giro sortu dute herritarrek. 140 urtetik gora ei ditu ospakizunak, Domingo deunaren omenez egiten dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak