Otala Zelaiko erromeriaren zain herritarrak

Mirari Altube Arrese 2006ko mai. 12a, 14:55
Domekan, maiatzak 14, Otala Zelai eguna ospatuko dute aretxabaletarrek. Garai bateko erromeria giroa sortuko dute herritarrek Aozaratzan dagoen zelaian. Kultura Sailak egitarau zabala antolatu du horretarako.

Otala Zelai egunak 140 urtetik gora ditu, eta badaude hori adierazten duten idatziak. Domingo deunaren eguna da maiatzaren 12an eta osteko lehenengo domekan ospatzen zuten Otala Zelai eguna.

Egitaraua

Garai baten bezalaxe, aurten ere aretxabaletar asko joango da Otala Zelaira. Hona Kultura Sailak gertatu duen egitaraua. Hori bai eguraldi ona egin behar, bestela Iturrigorri frontoian egingo dituzte ekitaldiok:

  • 10:00etan: umeendako lasterketak.
  • 11:00etan: 28. Otala Zelaiko krosa, Urkulu urtegiari itzulia.
  • 12:00etan: krosaren sari banaketa.
  • 12:10ean: animaliekin jokoak.
  • 12:30ean: Leizarra musika eskolako trikitilariak.
  • 13:00etan: paella txapelketa. Izena ematea: 5 euro.
  • 13:30ean: bertsolariak eta sagardo kupela.
  • 14:00etan: herri bazkaria norberak eramanda.
  • 15:30ean: umeendako herri kirolak.
  • 16:00etan: dantzaldia Txinparta taldearekin.
  • 18:00etan: Loramendi Dantza Taldearen dantza saioa.
  • 19:00etan: dantzaldia Txinparta taldearekin.

Udalbatzarra autobidea ikustera

Otala Zelai egunean udalbatzarreko kideak eta auzo alkateak elkartzen dira Udal idazkariarekin batera herriko mugarriak ikustera joateko. Ingurumen zinegotziak gertatzen du ibilbidea, eta autobideak Aretxabaletan izango duen ibilbidea ikustea proposatu zuen Joxe Anjel Antxiak. Isurietako auzo alkate Luis Otaduiri aipatu eta honek gertatu die irteera gainerako kideei. Hori horrela, Arbi Zelai paretik atera eta Isurietatik bueltan Gellaorantz joko dute handik Apotzaga-Etxebarrira egiteko. Irteera egin ondoren Matikua jatetxera bazkaltzera joateko ohitura dute "adiskidetasun bazkaria" egiteko. Aurten ere gertatuko dute bazkaria Matikuan baina Aralar alderdiko zinegotziak ez dira joango azken hilabetean EAJrekin izan dituzten tira-biren ondorioz. Alkatea bera ere ez da egongo bidaian delako aste guztian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak