Aralarri kendutako lau batzordeek badituzte arduradunak

Mirari Altube Arrese 2006ko mai. 11a, 14:02
Aralarrek Gobernu batzordetik alde egin ostean hiru zinegotziei batzordeen ardura kendu zien alkateak. Asteleheneko osoko bilkuran ardurak banatu zituzten, eta Xabier Sarasuari egun erdiko lan jarduna kendu zioten.

Hona batzordeek izandako aldaketak:

  • Kultura Saila: Galo Sanchez, Xabier Sarasuaren ordez.
  • Euskara: Maitane Urrutia, Xabier Sarasuaren ordez.
  • Segurtasuna eta Herri Antolamendua: Jesus Mari Herrasti, Felis Beltran de Herediaren ordez.
  • Ingurumena: Arritxu Oliden alkatea, Joxe Anjel Antxiaren ordez.

Mankomunitatean Sarasuaren ordezkoa Maitane Urrutia izango da; Udal euskaltegian Mikel Uribetxeberria; eta Suradesan alkatea. Sarasuari egun erdiko lan jarduna kentzeko isilpeko bozketa egitea eskatu zuten Aralarko zinegotziek. Hala, 7 boto alde, 1 kontra eta 3 nulo azaldu ziren; hiru horiek "autoritarismoari ez" zioten. Bai PPko zinegotziak, bai PSE-EEkoak ez zuten ondo ikusi ardura guztiak EAJk bereganatzea.

Azalpenak

EAJ-EAk azalpenak eman gura izan ditu Sarasuaren kontuaren inguruan oharra kaleratuz. Udal gobernua EAJ-EA, Aralar eta Ezker Batuaren artean osatzea erabaki zutela, taldeari aberastasuna ekarriko zuelakoan diote. Baina lan taldeko desadostasunak kanpora atera izan direla modu desegokian salatzen dute, gobernu kideen haserrea sortuz. Ekimenak positiboak izan direnenean bere lana balitz bezala zabaldu dituela Sarasuak salatzen dute eta aldrebes gertatutakoan "besteen eta bereziki alkatearen erabakien ondorio izan balira bezala kaleratu".

Aralarrek bestalde, argi utzi gura du gezurretara jo duela EAJk "beren burua zuritzeko". Gobernu batzordea aholku emaile hutsa dela gogorarazi du, eta alkateak duela boterea. Komunikabideetan beti Aralar taldea agertu izan dela argitu du eta Sarasua bozeramailea besterik ez dela. Aralarrek egindako lanak eta herritarrak jakitun egoteak eragin diela egonezina diote. Edonola ere oposiziotik lanean jarraitu eta ezkerreko aliantza baten alde egingo dutela azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak