Gobernu batzorde berria osatuta sail batzuk arduradun barik daude oraindik

Mirari Altube Arrese 2006ko mai. 4a, 15:17
EAJ bakarrik geratu da Udal gobernuan Aralar eta Ezker Batuak alde egin ostean, eta Arritxu Oliden alkateak beste alderdikide bi hautatu ditu Gobernu batzordean jarduteko: Mikel Uribetxebarria eta Iñaki Saez de Azkunaga.

Apiril hasieran erabaki zuen alkateak Gobernu batzordetik bidaltzea Aralarko Xabier Sarasua. Hori horrela, Aralar taldeak alde egitea erabaki zuen, baita Ezker Batuko Jaime Mujikak ere geroago.

EAJ bakarrik geratu da Gobernuan eta alkateak beste alderdikide bi izendatu ditu: Mikel Uribetxebarria eta Iñaki Saez de Azkunaga. Kultura, Euskara, Ingurumen eta Segurtasun eta Herri Antolamendu sailak, bestalde, buru barik geratu dira: "Banaketa oraindik egin barik daukagu, baina proposamenak aurkeztuko ditugu eta Gobernu batzordeak erabakiko du", dio alkateak. Eta erosoa ez den gobernuan daudela onartu du: "Gaiak eztabaidatu egin beharko ditugu eta talde guztiekin adostasuna lortu onartzeko".

Aralar gogor

Bere aldetik Aralarko zinegotziek Udalean duten egoera argitu gura izan zuten atzo egindako prentsaurrekoan. Elkarlanerako gaitasun eza azaldu duela EAJk esan zuten, eta hor dagoela Aralarko zinegotziek egindako lana: Euskara Biziberritze Plana, Tokiko Agenda 21, udaltzaingoaren lana, Gazteria saila eta beste horrenbeste. Onartu zuten hasieratik izan dituztela irizpide ezberdinak gai askoren inguruan. "Baina arazo larriagoak elkarlanean gobernatzerakoan izan ditugu", gaineratu zuten. "Informazioa ezkutatzea, manipulatuta ematea… eta jatorria Gobernu batzordearen eta zinegotziaren erabakitzeko gaitasun ezean zegoen". Erabaki ahalmena eskatu zioten alkateari eta hasierako baietzaren ostean kanporatzea etorri zela azaldu zuten.

Hainbat sail buru barik daudela oraindik salatu zuten, eta galdetu: "Zer gertatuko da abian dauden eta aurreikusitako proiektuekin? Alkatearen esku geratuko dira Udaleko arduren %95 bere gain hartuz?" Aralarrek argi utzi zuen orain arte bezala batzorde guztietan parte hartzen jarraituko duela herritarren zerbitzura lanean. Gainera, Aretxabaletak ezkerreko hautagaitza anitza behar duela adierazi zuten herritarren zerbitzura egongo den Udala osatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak