Joseba Tapia murgilduta dabilen proiektu berria aurkeztera etorriko da maiatzaren 4an, eguena, 19:00etan, Kurtzebarri eskolako aretoan. Debalde izango da kontzertua.
Egun berean, 21:00etan, kontzertu-afaria egingo du Carles Beldak Aretxabaletako Uratz Alde elkartean. Pomada taldearen sortzailea izan zen Carles Belda katalana. "Trikitia jotzeko eta sentitzeko oso era ezberdina aurkeztuko digu Beldak", dio Ines Osinaga antolatzaileak. "Bederatzi abestirendako bederatzi pintxo izena jarri diogu kontzertuari, eta hain zuzen jotzen duen abesti bakoitzari jaki bat prestatu beharko dio sukaldari batek", gaineratu du Inesek. 10 euro ordaindu beharko dute sarrera kontzertura datozenek eta horren truke afaria, kontzertua eta Beldaren diskoa jasoko dute. Sarrerak Aretxabaletako musika eskolan eskura daitezke. Inesen esanetan oso ekitaldi interesgarria izango da: "Nik neuk oso gustuko dut Carles Beldaren proiektua eta kuriosoa da jakiekin egiten duena. Katalunian trikitiak ez dauka hemengo tradiziorik eta bat ere aurreiritzi barik jotzen du soinua, beste ikuspuntu batetik".
Maiatzaren 5ean, The Solanos
The Solanos boskote hernaniarra etorriko da egubakoitzean, 22:30ean, Ezkutu tabernara. Udazkenean kaleratu zuen diskoa Xabi Solano buru duen taldeak, eta Debagoienera oraindik iritsi barik daude. Xabi Solanok Etzakit taldean jardun zuen eta Fermin Muguruzarekin lanean ibilitakoa da; gainerako musikariek ere ibilbide luzea daukate.
Eta zapatuan, maiatzak 6, II. Trikitixa Eguna ospatuko dute. Batez ere ikasleei zuzendutako jaia izango da eta 350 ikasle inguru batzea espero dute antolatzaileek. Beste ekitaldi batzuen artean, Trikizio taldearen erromeria 18:00etan, eta Kepa Junkeraren kontzertua 22:30ean egongo dira.