Xabier Sarasua Aralarko kidea Gobernu batzordetik bidaltzea erabaki du EAJk

Goiena 2006ko api. 6a, 10:49
Astelehen goizean iragarri zion Arritxu Oliden alkateak Xabier Sarasuari EAJren erabakia: Gobernu batzordetik bidaltzea. EAJk emandako arrazoia da Sarasuak batzordea kontuan hartu barik lan egin izana. Era berean, Aralarko beste kide bat sartzea aipatu zion. Eguaztenean prentsaurrekoa egin zuen Aralarrek eta gogor erantzun zioten EAJren erabakiari.

Alkateak adierazi du berea dela erabakiaren erantzukizuna Aretxabaletako EAJko buru izanda. Bidaltzearen arrazoia da "egoera egonezina da Gobernu batzordean eta ezin da jasan". Eta egoera jasanezina jarrera pertsonalek sortu dutela argitu zuen.

Legegintzaldi hasieran hirukotea osatu zutenean gogoz ekin ziotela lanari adierazi zuen Arritxuk, baina gero ez dutela funtzionatu Gobernu talde gisa, eta "Xabierrek partikularki jolastu du interes batzuengatik edo", gaineratu zuen.

Dena dela, aurrerantzean ere bakarrik geratu barik elkarlanean jarraitzea gura du: "Ezker Batuarekin eta batez ere Aralarrekin lanean jarraitu gurako genuke Gobernuan bertan". Eta horregatik Aralarreko beste kide bat sar daitekeela esan zion Sarasuari.

Aralarren erantzuna

Eguazteneko prentsaurrekoan Sarasuarekin batera eta babesa ematen alderdiko hainbat kide elkartu ziren. Erabakiaren zergatia ez dutela ulertzen adieraziz hasi zuten, hainbat interes egon daitezkeela atzean. Aralarko kideek argi utzi gura izan zuten lan taldean egiten dutela lan, hortaz, "ordezkari bat Gobernutik botatzea erabaki badu, Aralar taldea bota duela ulertzen dugu".

Udalean egin duten lanari EAJk eman dion ordaina dela esan zuten prentsaurrekoan. Eta lanaren jardunaz legegintzaldian lortu gura izan dituzten zenbait kontu aipatu zituzten, "Udalean haiek baino gehiago eragin dugu", esanaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak