Malkoei ia ezin eutsita esan zuen baietz ibarreko lehen senar bikoteak

A.G. 2006ko martxoaren 27a

Erabat hunkituta, baiezkoa eman zioten elkarri Javi Gil eta Angel Irurek Aretxabaletako udaletxean. Zeremonia xume eta polita izan zen eta sekulako ikusmina piztu zuen herrian.

Aspaldi ez zuen gertakizun batek Aretxabaletan halako ikusminik sortzen. Egubakoitzean 20:00etan zen hitzordua, eta ordurako jendetza batu zen udaletxeko ateetan, ezkonberrien zain. Bitartean, udaletxe barruan une hunkigarriak zebiltzan bizi izaten Javil Gil, Angel Irure eta senideak.

Zeremonia xume baina polita izan zen: Felix Beltran de Heredia zinegotziaren aurrean eta mahaia arrosa horiz josita, baiezkoa eman zioten elkarri Angel eta Javik, malkoei ezin eutsita, guztiz hunkituta. Lekuko moduan arrebak aukeratu zituzten: Angelek, Mirari, eta Javik, Isabel. Aretxabaletako abesbatza ere han izan zen, ezkonberriei laguntzen. Lore-sorta beharrean euskal aginte-makila zeraman eskuetan Javik. Izan ere, andaluza da, eta euskaldunekiko keinu hori egin gura izan zuen ezkongaiak.

Ikusmin handia herrian

Udaletxe barruko une hunkigarriak kanpoan zegoen iskanbilarekin nahastu ziren. Zeremonia amaitu eta agiriak sinatu bezain laster, kalera irten ziren ezkonberriak pozaren pozez. Han koadrilakoak zeuzkaten zain, harrera egin eta aurreskua dantzatzeko gertu. Txaloekin eta zoriona opatzen hartu zituzten herritarrek eta ordurako ezkonberriek ezin izan zuten emozioa ezkutatu. Zalaparta handia zegoen udaletxe parean eta haur bat baino gehiago gerturatu zen bikotearengana ea Jesus Vazquez non ote zegoen galdezka. Izan ere, kontu maltzur hori ibili da ahoz aho herrian azken egunetan baina telebistako aurkezlearen arrastorik ez.

Gaueko ordu txikiak arte

Baster-Alde jatetxean jarraitu zuten ospakizunarekin, gainontzeko 180 gonbidatuekin batera. Kanpotik ere gonbidatu asko etorri ziren; Nafarroa aldetik autobusak eta Bartzelona eta Chicagotik ere lagunak etorri ziren Angel eta Javiren ezteietara.

Behin bapo afalduta, drag-queen hirukote batek ikuskizuna egin zuen jatetxean. Giro horrekin esan beharrik ere ez dago jaia gaueko ordu txikiak arte luzatu zela. Zapatuan, gainera, aurreko gauekoak gutxi balira, lagunekin afaria egin zuten Elgoibarko Belaustegi jatetxean. Orain, atseden hartu eta maletak egitea besterik ez zaie geratzen; Brasilera joango dira ezkonberriak eztei-bidaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak