300 zuhaitzetik gora landatuko dituzte Zuhaitz Egunean

Mirari Altube Arrese 2006ko mar. 23a, 11:18
Zuhaitz Eguna antolatu du Udaleko Ingurumen sailak ikastetxeekin batera. Domekan, martxoak 26, landatuko dituzte zuhaitzok Urkulura doan bidegorriaren hasieran.

Foru Aldundiak dirulaguntza ematen duela aprobetxatu eta Naturgintza fundazioarekin Udalak eginda daukan hitzarmena bitarteko Zuhaitz Eguna antolatu dute lehenengoz Aretxabaletan. 300 zuhaitzetik gora landatuko dituzte Urkulurako bidegorriaren alboan dauden lurretan. Bertako espezieak dira guztiak, eta Naturgintzako kideek aukeratu dituzte: 25 lizar, 15 haltz, 12 gereziondo, 25 arte, 44 elorri zuri eta 200 haritz.

Ikasle eta herritarrak

Kurtzebarri eskolako eta Arizmendi ikastolako ikasleek jardungo dute zuhaitzok landatzen, 11 urtetik gorako ikasleek. Gura duten herritarrek ere parte hartu ahal izango dute, eta Naturgintza fundazioko langileen laguntza jasoko dute.

Domeka goizean, 10:00etan, elkartuko dira guztiak Iralabarri plazan Udalak duen biltegian. Bertatik zuhaitzak eta lanabesak aterako dituzte, eta Bainuetxeko bidegorrira eraman. Eguraldiak zeresan handia izango du, hortaz, oso eskasa eginez gero bertan behera geldituko litzateke landaketa. Gero Naturgintzako langileek sartuko lituzteke zuhaitzok ezin delako gehiago atzeratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak