Gaur hasita hainbat ekintza Emakumearen Egunaren inguruan

Mirari Altube Arrese 2006ko mar. 6a, 12:06
Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu astean, eguaztenean, eta aurten inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu dituzte Udalaren, Loramendiren eta Hiruatxen artean. Gaur hasi eta bi astean argazki erakusketa egongo da; martxoaren 8an kontzertua, eta 9an, berbaldia.

Gaur, martxoak 6, hasi eta 20ra bitartean Errefuxiatutako emakumea, erbestea eta edertasuna izeneko argazki erakusketa egongo da udaletxean ikusgai. Elkarhezi proiektuan sartuta dauden Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaletako hainbat GKEk antolatutako erakusketa da, tartean Hiruatx, eta errefuxiatuen egoeraz arduratzen den ACNUR elkarteak bideratzen du. Erakusketan hainbat egileren 53 argazki daude, zuri-beltzean zein koloretan ateratakoak. Argazkiek erakusten dituzten istorioak osatzeko argibideak ere egongo dira: herrialdeetako mapak, gatazken kronologiak, errefuxiatu kopuruak eta beste horrenbeste. Bi astean izango dugu ikusgai erakusketa, 18:00etatik 20:00etara bitartean, udaletxeko ganbaran.

Kontzertua

Martxoaren 8an, ostera, Errezitaldia emakumeen ikuspegitik kontzertua antolatu du Udalak Kurtzebarri eskolako aretoan, 19:00etan. Garbiñe Abendaño sopranoaren ahots dotoreak pianoaren laguntzarekin, emakumea protagonista duten abestiak gogoraraziko dizkigu, eta emakumeek egunero bizi dituzten egoerak aipatuko ditu: haurtzaroa, gaztaroa, ezkontza eta amatasuna beste batzuen artean. Gehienak euskal kantu herrikoiak dira: Nik badut maiteño bat, Goizetik arratsera, Amak ezkondu ninduen eta beste horrenbeste, baina badaude zarzuela eta operetako abesti oso ezagunak ere.

Alizia Sturtzeren berbaldia

Emakumeei eskainitako ekitaldiekin bukatzeko, martxoaren 9an, eguena, berbaldia eskainiko du Alizia Sturtzek, 19:00etan, udaletxe zaharrean. Loramendi EEk antolatu du ekitaldia, eta emakumeek Euskal Herrian izan duten eraginaren gainean egingo du berba donostiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak