Herritarrak gertu Aratusteak ospatzeko

Mirari Altube Arrese 2006ko ots. 24a, 14:14
Koadrilak azken gertaketa lanak egiten dabiltza mozorroa gertu izateko domekarako; izan ere, koadrilak izango dira herria girotuko dutenak. Kalejira, Txino Dantza eta herri bazkaria izango dira eguneko protagonista, eta mozorro dotoreenek sariak jasoko dituzte.

Aurten beste batzuetan baino egonezin handiagoarekin datoz Aratusteak. Aspaldi agertu zitzaizkigun herriko bazter guztietan 23F+3 zioten kartel misteriotsuak eta herritarrek bazekiten Aratusteekin zutela zerikusia. Atzo, otsailak 23, 23F+3 delakoaren argibideak zituen idatzia banatu zuten atartez atarte koadrilek eta gaur, Goienkarian dator gutuna.

Ia 400 lagun bazkarira

Herriko koadrilek batzar bat baino gehiago egin zuten Udaleko ordezkariekin Aratuste jaiak hobetzeko asmoarekin. Ez zuten lortu gura zuten guztia, baina herri bazkaria egingo da eskatutako moduan. Joan zen domekan bukatu zen txartelak erosteko epea, eta uste baino askoz gehiagok erosi dituzte, 392 lagunek. Gainera, txartel barik geratu dira hainbat herritar, baina gehiagorendako ez dagoela lekurik kirol etxean adierazi dute Kultura saileko arduradunek. Eguerdi ingurutik ilunkara bitartean jaia hilda geratzen zela zioten koadrilek; zalantza barik aurten giro aparta sortuko da kirol etxean.

Martitzenean umeak

Aratuste-martitzena ume eta gaztetxoendako gertatutako jaia izango da. Goiz partean elkartuko dira Herriko Plazan Pausoka Haur Eskolako, Kurtzebarri eskolako, eta Basabeazpi eta Almen guneetako ikasleak eta kalejira egingo dute. Goizean hasitako jaiak arratsaldean izango du jarraipena, eta Txinoaren hileta gauean egin beharrean aurten ilunkaran egingo dute, 20:00etan hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak