12 milioi euroko udal aurrekontua onartu dute

Mirari Altube Arrese 2006ko ots. 17a, 12:45
Astelehenean onartu zuen udalbatzarrak 2006ko udal aurrekontua. EAJ, Aralar eta EBren aldeko botoak jaso zituen, PSE-EEko zinegotziaren aurkakoa eta PPkoa abstenitu egin zen. 12 milioiko aurrekontua da.

Ez ohiko diru sarrerak izan dituela azken urtean Udalak aipatu zuen Arritxu Oliden alkateak, eta horregatik aurrekontuak %14,62 egin du gora iazkoarekin alderatuta. Hala, 12.009.083 euroko aurrekontua onartu zuten –zaharren egoitzaren eta Bihargintzaren gastua barne–, eta hortik erdia inguru inbertsioak egiteko erabiliko dute. Jakina denez inbertsiorik garrantzitsuena, kopuruari zein herritarren beharrei dagokionean, egiten dabiltzan kulturarako eraikina da. Lur sailak erosteko ere diru kopuru handia gorde dute, eta urtero egiten dituzten saneamendu lanekin aurrera jarraitzeko ere bai; aurten Otalora kalean. Inbertsioez gain hiru langile hartzea ere aurreikusi dute: seigarren udaltzaina, eta euskara eta kontu-hartzailetza sailetarako teknikariak. Hala ere alkateak argitu gura izan du ez duela esan gura langileok hartuko direnik.

Aralar alderdia orokorrean ados agertu arren aurkeztutako aurrekontuekin, hiru aldaketa proposatu zituen osoko bilkuran. Batetik lurrak erosteko, etxebizitzak egiteko zein industria garatzeko lurrak erosteko, diru gehiago gordetzea aipatu zuen. Onartu egin zuten gainerakoek, PSE-EEk eta PPk izan ezik, eta 1.124.000 euro gorde dituzte. Bestetik, Arrasatetik Eskoriatzara bitartean dagoen bidegorria guztiz bukatzeko diru partida handitzea eskatu zuen. Alkateak ez zion trabarik jarri baina Aldundiak hartu zuela konpromiso hori bere garaian gogorarazi zien. Hala ere, 282.240 euro gorde dituzte. Hirugarrenak barne produktu gordinaren %0,7a hirugarren munduara bideratzearekin zeukan zerikusia, baina hobeto aztertu gura zuela aipatu zuen alkateak eta hurrengorako utzi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak