Ametzueta taldie: 140 bazkide dituen Realaren lagun taldea

Mirari Altube Arrese 2006ko ots. 9a, 14:09
Joan zen egubakoitzean aurkeztu zuten Ametzueta taldie, baina orain arte ere lanean jardun du. Herriko Realzaleak batzea zuten helburu eta autobusa herritik bertatik ateratzea Anoetara joateko. Biak lortu dituzte, eta dagoeneko 140 bazkide ditu taldeak.

Realeko zuzendaritza batzordeko kideak eta Barkero, Lopez Rekarte eta Skoubo jokalariak izan ziren herrian Ametzueta taldearen aurkezpen ekitaldian. Umeek eta ez hain umeek, guztiek ikusi gura izan zituzten gertutik sinadurak eskatu edo argazkiak ateratzeko, eta pazientzia handiarekin erantzun zieten zaleei jokalariek.

Joan zen denboraldiaren bukaera aldera erabaki zuten Realaren lagun taldea sortzea herrian. Aretxabaletan 60 lagun dira Realeko bazkide, Eskoriatzan 15 eta Gatzagan 3, hortaz, autobus bat bete egin zezaketela iritzi zioten Arrasatera joaten ibili barik. Horretarako, baina, lagun taldea sortu behar. Esan eta egin, Salva Rodriguez da taldeko presidente eta 140 bazkideren buru. Gainera, edonor izan daiteke bazkide Arlutz tabernara joan eta 10 euro ordaindu besterik ez du egin behar. Horren haritik, hiru Athletic zale ere badituzte taldean.

Anoetara joaten den autobusa Azbe lantegi pareko geltokitik ateratzen da partidua hasi baino 2 ordu lehenago. Edonor joan daiteke, gainera, partidurako txartela izatea da baldintza bakarra. Ander Hernandez presidenteordearen esanetan behin autobusa lortuta hurrengo asmoa da kanpoko partiduren bat ikustera joateko irteera antolatzea; Osasunaren aurkakoa ikustera joateko behar bada, baina oraindik ez daukate erabakita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak