Santa Ageda mutilak gertu eskean eta dantzan ateratzeko

Mirari Altube Arrese 2006ko ots. 3a, 17:08
Bihar, otsailak 4, Santa Ageda bezpera ospatuko dugu eta etzi, otsailak 5, Santa Ageda eguna. Usadiorik ezagunenetakoa da Aretxabaletan Santa Ageda mutilak kantuan eta eskean ateratzea, eta zaharrenek ere ez dakite noiz duen jatorria.

Soldadutzara joan beharko luketen mutilak elkartzen dira Santa Agedaren inguruko jaia ospatzeko. Aurten, 1987an jaiotakoak dira, 29 inguru guztira. Dagoeneko ez daukate soldadutzara joateko obligaziorik, baina usadioa ez dute ahaztu gura eta aurten ere etorriko zaizkigu etxafuego hotsekin kantuan eta eskean. 29 inguru dira, bai, baina horietako batzuek Herriko Plazan dantzan ez egitea erabaki dute, hainbat arrazoi tarteko. Hala, 21 inguru geratu dira, gutxitxo antza. Ohitura da aurreko urteko gazteena, dantzan zela egin erakusteko, eta hurrengo urteko nagusiena, dantza ikasi eta hurrengo urtean irakasteko, Santa Ageda mutil ateratzea. Aurten, baina, bana izan beharrean hiruna hautatu dituzte mutilen kopurua txukunagoa izan dadin.

Baserrietan eta kalean

Bihar, otsailak 4, baserriz baserri ibiliko dira, herriko bederatzi auzoetatik pasatuz. Fraka urdinak eta blusa jantziko dituzte, eta txapel beltza buruan dutela baserrietako jakiak eta dirua jasoko dituzte. Domekan, ostera, kalean aurkituko ditugu, goitik behera zuriz jantzita eta gerriko eta txapel gorriarekin. Santa Ageda eguneko koplak eskainiko dizkigute eta atartez atarte dirua batzera pasatuko dira. Kantuan egin eta dirua batu bakarrik ez, jai giroa izango dute egunotan eta dantzari ere egingo diote tartea. Santa Ageda egunean, domekan, hasi eta Aratuste domekara bitartean domekero egingo dute dantzan Herriko Plazan, lau aldiz aurten. 19:00etan izango da ekitaldia, eta azken egunetako entseguetan ikasitakoa erakutsi gurako dute herritarren aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak