Kontsumitzaileen Informaziorako Udal bulegoa itxi egingo dute

Mirari Altube Arrese 2005ko abe. 22a, 14:14
Debagoieneko Kontsumitzaileen informaziorako Udal bulego (KIUB) bakarra da Aretxabaletako udaletxean dagoena. Abenduaren 31n, baina, ateak itxiko ditu eta Eibarrera joan beharko dira kexak dituzten kontsumitzaile debagoiendarrak.

Martin Garai udaltzain burua izan da orain arte KIUBeko arduraduna. Batera eta bestera, baina, ezin egon, eta bulegoa uztea erabaki du Udalak. Urtarrilaren 1etik aurrera ez dituzte kontsumitzaileen kexa eta informazio eskaerak Aretxabaletako bulegoan aseko.

130 kasu urtean

Bulegoak 22 urte inguru egin ditu zabalik. “Neure ideia izan zen eta lehenengo urteetan Udaleko beste langile batzuk egon ziren. 1986an hartu nuen nik ardura” dio Martinek. Urte hauetan guztietan asko aldatu dira kontsumitzaileen ohiturak eta kexak. Martinen esanetan, ikasten joan dira kontsumitzaileak, eta gero eta kexa gehiago aurkezten dituzte. Gainera, esperientziarekin eskubideen arloan asko aurreratu da eta erreklamazio asko argitu dituzte. “Etxebizitzaren eta etxetresnen gaineko kexak izaten genituen lehen, baina orain automobil garajeen eta telefono konpainien gainekoak dira nagusi. Denak ez ditugu argitzen gura moduan, baina asko eta asko bai. Kontsumitzaileek eurek ere ondo jakiten dute zein eskubide dituzten”. Urtean 130 erreklamazio inguru hartu izan ditu bulegoak, eta informazio eske etorritakoak askoz gehiago izan dira.

Politikariei eskaera

Arrasaten, Bergaran eta Oñatin ere egon ziren garai baten bulegook. “Arrasatekoak oso ondo funtzionatzen zuen baina erabaki politiko baten ondorioz badira 10 urte itxi zutela” dio Martinek, “ondorioz arrasatear asko dator gure bulegora”. Debagoiendarrak informazioa eskatzeko eta kexak aurkezteko bulego barik geratuko dira urtarrilean. “Politikariei eskatuko nieke KIUBen aldeko apustua egin dezatela. Gainera, uste dut ibarrerako zerbitzua mankomunitateak eman beharko lukeela, eta hiru laguneko bulego bat nahikoa litzateke. Kontsumitzaileek izugarri eskertzen dute egindako lana eta botoak eskuratzeko zerbitzu bikaina da” dio Martinek. Hasita dituen kasuak bideratu eta argituko ditu datorren urtean Martinek, baina berririk ez du hartuko. Hemendik aurrera Eibarrera jo beharko dute ibarreko kontsumitzaileek edo bestela Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileen harretarako daukan telefonora deitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak