Mozioek sortu zituzten eztabaidak ohiko osoko bilkuran

Mirari Altube Arrese 2005ko aza. 16a, 15:53
Ohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzarrak astelehenean, azaroak 14. Gai asko zituzten onartzeko baina eztabaidarik luzeenak mozioek eragin zituzten: bata pobreziaren gainekoa eta bestea, kartzeletan gertatutako heriotzak, Jose Angel Altzugurenena tartean.

Osoko bilkura luzea egin zuten astelehenean, azaroak 14. Hamabi gaietatik bi mozioak izan ziren eta horiexek sortu zituzten eztabaidarik luzeenak.

Pobrezia eztabaidagai

Pobreziaren gaineko mozioa Aralar alderdiak aurkeztu zuen. Espainiar estatuko gastu militarretan EAEari dagokiona eta azken gerrateak finantzatzeko jarritako diru kopuruak aurkeztu zituen. Mozioak eskatzen zion Eusko Jaurlaritzari gastu militarra ordaintzeko erabiltzen duen dirua pobrezia ezabatzeko erabil dezala.

Gainerako alderdiak ez ziren alde azaldu. EAJko Jesus Mari Herrastiren esanetan proposamen demagogikoa zen: “Pobrezia oso gai serioa da horrelako mozioek nahasteko” gaineratu zuen. PPko Silvia Camporroren ustetan, ostera, dirua beste arlo askotan alferrik galtzen da: Ertzaintza, euskarendako ematen diren dirulaguntzak… Eta horiek guztiak ez zituen aipatzen Aralarren mozioak. Bestalde, Arritxu Oliden alkateak bigarren proposamen bat aurkeztu zuen. Dirulaguntzak zela eman garrantzitsua dela aipatu zuen eta hiru irizpide sartzea proposatu. Mozioa ez zuten onartu eta Arritxuren proposamena aztertzekotan geratu ziren.

Espetxeetako egoera

Bigarren mozioa espetxeetako egoeraren gainekoa izan zen, eta EAJk eta Aralarrek adostuta ekarri zuten. Azken hilabeteotan gertatutako heriotzak aipatu zituzten eta hainbat eskaera egin, heriotzak argitzeko eta dispertsio politika bukatzeko tartean. PSOE ez zen ados agertu hainbat punturekin, hala ere onartu egin zuten Aralar eta EAJren aldeko botoekin.

Bake epailea: Igor Bastardo

Beste era bateko gaiak ere landu zituen udalbatzarrak. Hurrengo lau urteetan bake epaile izango dena proposatu zioten Euskadiko Auzitegi Nagusiari: Igor Bastardo. Bera izan da azken lau urteotan ere bake epaile. 2006ko taxien tarifak ere onartu zituzten, eta Udalak Aozaratzan dituen 600 mila metro koadro errentan emateko baldintzak ere jarri zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak