Ospakizunez betetako aste bukaera

Mirari Altube Arrese 2005ko ira. 8a, 13:28
Hitzordu ugari ditugu aste bukaeran Aretxabaletan. Gaur, irailak 8, hasiko dituzte Agorreko Andramaixak Areantza auzoan, eta domekan, irailak 11, Kurtzebarri mendiaren eguna eta Haur Dantzarien Eguna ditugu aukeran.

Irailak 9 jai izanda aste bukaera luzeagoa daukagu aurrez aurre; baita hainbat ospakizun ere.

Agorreko Andramaixak Areantzan

Gaur, irailak 8, Andre Mariaren Natibitate edo jaiotza eguna ospatzen dute herri askotan, baita Areantza auzoan ere. Arratsaldeko 19:00etan meza esango dute eta ondoren mokadutxoa eskaini. Egubakoitzean, irailak 9, Martin Kabarrixa jarriko dute 20:00etan Iturrikoerromaran, kantuan egin eta auzo jiran joango dira. 20:30ean, auzo afaria izango dute, eta afal osterako hainbat ekintza antolatu dituzte: auzoko leku izenen mapa aurkezpena, dantzaldia eta zozketak.

Zapatua, irailak 10, auzo jirarekin hasiko dute, eta 12:00etan meza nagusia izango dute Aretxabaleta Abesbatzaren laguntzarekin. Gero luntxa eskainiko dute auzoko produktuekin. 13:30ean, gimkana txapelketa egingo dute eta 18:00etan, Areantzako jolasak: txapela jaurti, itsulapikoa bete, iltzeak sartu… 19:00etan, ostera, aro-sartze txapelketa. Domekan, irailak 11, Kurtzebarrira joango dira auzotarrak, eta jaiak bukatzeko Martin Kabarrixa etxeratuko dute eguerdian.

Kurtzebarri eguna

Murrukixo Mendizale Elkarteak aurten ere goiz pasa ederra antolatu du aretxabaletar eta Kurtzebarrira hurreratuko den guztiarendako. Indarrak berreskuratzeko salda emango dute tontorrean 11:00etan, eta 11:30ean meza esango du Goio Eskibel biatoristak. Bukatu ondoren eta barrua berotzeko mokadutxoa eskainiko diete Murrukixoko kideek igotakoei: txorixoa, gazta eta xanpaina. Eguraldi txarra eginez gero antolatzaileek erabakiko dute non egin ospakizuna.

Haur Dantzarien Eguna

Euskal dantzak gustuko dituenak hutsik egin behar ez duen hitzordua dauka irailaren 11n. Arrasateko Lore Gazteak eta Txikitxu, Bergarako Gazte Alai, Antzuolako Oin Arin, Oñatiko Oñatz eta zela ez, Aretxabaletako Loramendi Dantza Taldea elkartuko dira dantza erakustaldi bikaina eskaintzeko.

Urteroko egitaraua eskainiko diete herritarrei. Hala, 10:30ean elkartuko dira guztiak Herriko plazan dantzan hasi aurretik mokadutxoa jateko. Ondoren kalejira egingo dute eta lau gunetan banatuko dira dantzan egiteko: Herriko plazan, Ilargi plazan, Durana kalean eta Mitarte plazan. 13:30ean bazkaltzera joango dira neska-mutiko zein laguntzaileak. Arratsaldeko saioa 17:00etan hasiko da, eta alardea egingo dute Herriko plazan. Neskek Sagar dantza eta Makila Txiki egingo dituzte dantzan, eta mutilek Txankarrankoa eta Banakoa. Bukatzeko Txulalai, Luzaideko Esku dantza, San Petit eta Makila Txikiak eskainiko dituzte guztiek batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak