Eraikuntzarako langileak hezi nahi ditu Arizmendi ikastolak

Marijo Deogracias 2005ko mai. 22a, 19:02
"Eraikuntza eta Lanbide Heziketa: profil profesional berriak" izeneko heziketa zikloa hasiko du irailean Arizmendi ikastolak. Horretarako eraikuntzaren sektorearekin mintegia egin zuen eguenean Aretxabaletako egoitzan.

Mintegiaren helburua heziketa ziklo horren bitartez eraikuntzaren sektoreak izan ditzakeen premiak asetu nahi dituzte Arizmendi ikastolan. Eta asmo horrekin eraikuntzarekin sektorean aritzen diren hainbat enpresa gonbidatu zituzten hizketan egitera, bai eta mintegia entzutera ere.

Hogei bat lagun elkartu ziren Aretxabaletako Arizmendiren egoitzan, Javier Marcos, Tu Lankide aldizkariko zuzendariak zuzendu zuen eztabaida. Edurne Erauskinek, Arizmendiko Lanbide Heziketako kudeatzaileak adierazi zuenez, "Ikastolatik bultzatu gura genuke eraikuntza ikasketen hobekuntza eta horretarako ezinbestekoa da zuen, sektorearen, laguntza".

Mintegira Adegifor fundazioko zuzendari orokor Jose Luis Garitano ere gonbidatu zuten. Berari egokitu zitzaion eraikuntzaren sektorearen argazkia azaltzea: "Gipuzkoan 9.000 enpresa ari dira eraikuntzaren sektorean eta 24.000 beharginek jarduten dute egunero. Hortaz ez dago dudarik garrantzi handiko sektorea dela".

Enkargatu kualifikatuak falta

Hala ere, eraikuntzaren sektorean ari direnek azaldu dutenez, "ez dago obran aritzeko behargin kualifikaturik. Alderdi teknikoa beteta dago, baina lan taldea zuzentzeko, obran bertan, lan taldea gidatuko duen enkargatu kualifikatuak falta ditugu", adierazi zuen Jose Manuel Egaña Sukia eraikuntza enpresako ordezkariak.

Alderdi horri soluziobidea topatu nahian elkarlana ezinbestekoa behar dela ondorioztatu zuten hara batutakoek eta azpimarratu zuten eskolan ari direnak obran aritzeaz gainera, obran ari direnak eskolara bideratu beharko liratekeela.

"Eraikuntza eta Lanbide Heziketa: profil profesional berriak" lanbide heziketako zikloa Arizmendi ikastolak bultzatuko duen eraikuntzaren sektorera zuzendutako bigarren zikloa da eta irailean hasi nahiko lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak