Aretxabaletako trikiti eskolak antolatuko du jaia datorren urtean

A.G. 2005ko mai. 16a, 11:45
Debagoieneko I. Trikitixa Egunak 130 trikitilaritik gora elkartu zituen zapatuan Arrasaten. Jaiak izango du jarraipenik, Aretxabaletak jaso zuen eta lekukoa bazkalostean.

Debagoieneko I. Trikitixa Egunari hamaiketakoarekin eman zioten hasiera bailarako trikitilariek.

Debagoieneko trikiti eskola guztiek hartu zuten parte zapatuan Arrasaten antolatutako festan. "Elkar ezagutzeko aukera polita da", esan ziguten elkarrizketatutako trikitilari guztiek. Antolatzaileek, bestalde, beste helburu bat zuten, "jaiari jarraipena ematea". Honela esan zigun Arrasateko trikiti eskolako Unai Iturriotzek.

Zortzi trikiti eskolako 130 bat trikitilari batu ziren azkenean Arrasaten euren soinu txiki eta panderoekin. Sebero Altuben zuten hitzordua guztiek eta bertan elkartu ziren goizeko 11etan. Arrasateko trikiti eskolakoek prestatuta zituzten pintxo goxoek estimazio handia izan zuten eta hainbat adin zein mailatako trikitilariak bildu ziren bertan. Bapo gosaldu ondoren laster osatu zuten trikitilariek eguneko lehen borobila. Auspoa zabaldu eta berehala entzun genuen eguneko lehen biribilketa.

Triki poteoa

Eguerdi partean Arrasateko alde zaharra trikiti doinuz bete zen. Taldeetan banaturik trikitilariek triki poteoa egin zuten kaleetan barrena. Ondotik ikasleek jaialdia egin zuten Herriko plazan eta trikiti eskola bakoitzeko soinu-jotzaileek euren gaitasunak eman zituzten ezagutzera. Biribilketak, fandango eta arin-arinak, trikitia eta porrusaldak... denetarik entzuteko aukera izan genuen. Pandero-jotzaileak ez ziren atzean gelditu eta euren trebezia ere erakutsi ziguten panderoa hankaz eta buruz astinduz.

Aretxabaletak lekukoa

Santa Barbarako kanpan egin zuten bazkaria trikitilariek. Guztira 130 bat lagun elkartu ziren eta ez zen dantzarako aukerarik falta izan bazkalostean. Momentu horretan jakin genuen datorren urtean ere trikitiaren eguna egingo dela Debagoienean.

Arrasateko trikiti eskolako Josu Iriak lekukoa hartu eta Aretxabaletako trikiti eskolako ordezkariei luzatu zien. Eskola honek hartu du datorren urtean festa antolatzeko ardura. Bazkalostean Herriko plazara itzuli ziren trikitilariak. Ene Bada! taldearen dantzaldiarekin eman zioten amaiera Debagoieneko I. Trikitixa Egunari. Festa egun handia askorendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak