Kultura-etxea, gaztelekua, liburutegia eta musika eskola egingo dituzte Herriko plazan

Mirari Altube Arrese 2005ko mai. 11a, 14:35
Astelehenean, maiatzak 9, egindako osoko bilkuran onartu zuten zinema, liburutegia, kultura-etxea eta musika eskola egiteko proiektua. Herriko plazan dagoen eraikinean egingo dituzte, hau da, zine zaharra dagoen tokian, eta datorren urte bukaerarako bukatuta egongo da.

Zinemaren proiektua eginda dago, eta asteleheneko osoko bilkuran onartu zuten. Lanak nori eman erabakitzeko oinarriak ere onartu zituzten, eta Udalak lehenbailehen hasi gura ditu lanok.

Bost solairuko eraikina

Herriko plazan, zinema zaharra dagoen tokian egingo dute hainbat erabilera izango dituen eraikina. Bost solairu izango ditu eta 2.847 metro koadro. Sotoan gaztelekua, biltegiak eta instalazio gelak egongo dira. Gaztelekuak bi gela izango ditu, intsonorizatuak biak, eta sototik beheko solairura igoko da. Gaztelekuarekin batera, 96 jarleku dituen erabilera anitzeko aretoa eta erakusketak egiteko gela egongo dira beheko solairuan. Erabilera anitzeko gelak proiekzioak emateko gela eta itzulpenak egiteko beste bi kabina izango ditu. Gaztelekurako sarrera Santa Kurtz kalean egongo da, eta erabilera anitzeko gelarako, Herriko plazan. Hau izango da, hain zuzen, sarrera nagusia.

Lehenengo solairuan liburutegia jarriko dute. Banandutako bost gune izango ditu: harrera, nagusiena, txikiena, taldeko lanak egiteko lekua eta biltegia. Bigarren solairuan, kultura-etxeari egin diote lekua, eta hainbat gela izango ditu: nagusia, bilera gela, eta beste bi txikiagoak. Bukatzeko, hirugarren solairuan, musika eskola egongo da. Dantzarako erabiliko duten areto handia izango du, hainbat gela, idazkaritza eta biltegia. Hauen gainean, ostera, instrumentuak jotzeko gelak egokituko dituzte. Solairuek ez dute batak bestearekin zerikusirik izango.

Lanek 18 hilabete

Hareharriz egindako aurrealdea izango du eraikinak, eta goiko aldean metalezko estaldura. Zinema zaharraren alboan dagoen lokala erosi du, gainera, Udalak. Hala, Herriko plazatik atzeko aldean dagoen aparkalekura joateko pasabidea egingo dute. Alberto Sanz bilbotarrak egin du proiektua, eta ia 3.700.000 euroko aurrekontua dauka. Lanak 18 hilabetean bukatzea eskatu du Udalak, hau da, datorren urte bukaeran gertu izatea gura du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak