Oinezkoendako pasabidea zubi azpitik

Mirari Altube Arrese 2005ko api. 29a, 18:50
Aretxabaletako saihesbidearen iparraldeko sarreran, hau da, Arrasatetik datorren errepidea Aretxabaletan sartzen den tokian, zubi azpiko pasabidea egingo du Foru Aldundiak oinezkoendako. LKS enpresak egin zuen proiektua 2003an, eta orain ikusgai jarri dute.

Aldaketa asko izango ditugu urte gutxian herriko iparraldeko sarreran. Trenbidea erreka albotik bideratuko dute, eta Arrasatera doan errepidea pasatzeko ibilbidea egingo du zubiaren azpitik Foru Aldundiak.

Segurtasun arazoa

Herritar asko ibiltzen da Aretxabaletatik Arrasatera joan etorrian lehengo trenbidea aprobetxatuta. Arrasaterantz egiteko, baina, errepidea pasatu behar da, eta oinezkoak asko badira automobilak izugarri. Istripu larririk gertatu ez bada ere orain arte, gerta daitekeela ikusi zuten bi herrietako Udalek, eta kezka horiek azaldu zizkioten Foru Aldundiko Garraio eta Errepide Departamentuari bere garaian. Hala, gune horretako segurtasun arazoa konpontzeko asmoarekin LKS enpresari proiektua egiteko eskatu zion Foru Aldundiak 2003an. Egin bai, baina orain arte geldi eduki dute. Arazoa larria dela konturatuta edo lanak lehenbailehen hasi behar direla erabaki dute orain.

Zubiaren azpiko pasabidea

Deba ibaia pasatzen den zubiaren, hau da, errepidearen azpian egingo dute pasabidea, eta ibilbidearen bi ertzetan dauden bide gorriekin egingo du bat: Arrasatetik datorrenarekin eta Aretxabaletatik doanarekin. LKSk egindako proiektuak proposatzen du hiru metro zabal eta 320 metro luze dituen pasabidea egitea. Gehienez ere %6ko malda izango du. Argiteria zerbitzua jarriko dute, eta pasabidea egiteko Deba ibaiaren zati bat eskuma aldera bideratuko dute. Dagoeneko eman du ontzat proiektua Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamentuak. Lanak egiten hasi aurretik, ordea, hilabetez izango dute ikusgai aipatutako proiektua udaletxeko Hirigintza Sailean, maiatzaren 15a arte hain zuzen. Egin behar dituzten lanak ikusi gura dituenak udaletxean hitzordua eskatu besterik ez du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak