Herritar gutxi San Blasen ermitan

Mirari Altube Arrese 2005ko ots. 3a, 13:33
Gaur, otsailak 3, San Blas eguna ospatzen dute Apotzaga-Etxebarri auzoan dagoen Sailuenteko ermitan. Meza esan du abadeak eta ostean, jakiak bedeinkatu ditu. Gaur, baina, herritar gutxi hurreratu da eguraldi eskasaren erruz.

San Blasek bedeinkatutako jakiek eztarriko gaitzak sendatzen ei dituzte. Fede horri jarraituta, batzuk Sailuenteko ermita barruan eta beste batzuk kanpoan, guztiek jarraitu dute Jesus Ortiz de Urbina parrokoak esan duen meza. Jakien bedeinkapena egiteko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak ere hurreratu dira. Aurten, baina, beste batzuetan baino gutxiago euria eta hotza zirelako nagusi.

Armeniako gotzaina

San Blas, 316 urte inguruan bizi izan zen Sebasten, Armenian. Medikua zen bera eta kristautasunaren alde egindako lanaren ordainetan gotzain izendatu zuten. Ez zen denbora luzean izan, kristauen aurkako jazarpenaren ondorioz atxilotu eta burua moztu baitzioten. Kondairak dioenez eztarrian arrain hezurtxoa trabatuta zuen umea sendatu zuen hil aurretik. Ondorioz eztarriko gaitzak edo minak osatzen dituela diote fededunek.

Sailuenteko ermita

San Blasen irudia Apotzaga-Etxebarri auzoko Sailuenteko ermitan dago. Sailuente izena Ecclesia Sancti Laurenti izenetik datorren ustea dute, hau da, Laurentius (Lorentzo) izeneko martiri ezagun baten omenez. X. mende inguruan eraikiko zuten ustea dago, eta parrokia izan zen bataiatzeko dagoen harriak ziurtatu bezala. San Blasen irudiaz gain San Lorentzorena eta San Joanena daude, eta garai baten Amabirjinaren irudi erromanikoa ere bazegoen. Irudi hori orain Aretxabaletako parrokian daukate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak