Kutxa jarri du Udalak dirua batzeko. Otsail osoan egongo da udaletxeko harreran, eta ondoren Karitasi emango dio tsunamiak kaltetutakoen artean banatzeko.
Ia 7.900 euro eman ditu udalak
Bagenekien olatuek indar handia zutela, baina ez genekien minutu batzuetan halako kaltea eragin zezaketenik. Hildakoek astetik astera gora egin dute, eta dagoeneko 200.000 baino gehiago dira. Zaurituak, umezurtzak, etxe barik geratu direnak, hau da, kaltetuak, askoz gehiago dira: bost milioi baino gehiago. Horiek guztiek laguntza behar dute, eta gure herriko Udalak ere, beste herri batzuetan egin bezala, laguntza bidaltzea erabaki du. Nazioarteko herriei eta proiektuei laguntzeko duen diru partidatik %15 bidaliko du, ia 7.900 euro. Ez hori bakarrik, herritarrak animatu gura ditu ahal duten neurrian dirua eman dezaten. Hala adierazi zuen joan den astean kaleratutako bandoan, eta kutxa jarri du udaletxeko harreran; otsail osoan egongo da bertan. Aste honetan egin dituzte herritarrek lehenengo ekarpenak, eta gero eta herritar gehiago anima daitezen gura dute Udaleko ordezkariek. Batutako dirua Karitasko Nazioarteko Lankidetzaren bitartez bideratuko du.